Azkoitiko Elkargunea bertsozaleen bilgune bihurtu zen berriz ere. Areto nagusia lepo bete zen V. Hika bertso saioaren eta IV. Hike eizan! bertsopaper lehiaketako sari banaketaren harira.

Giro ona

Bi ekitaldi horiek uztartuta, giro aparta sortu zen Azkoitian, bai bertsoaren zale sutsuen artean, bai sari-banaketara hurbildutako ikusleen artean.

Bertso saioan, Eneritz Artetxe, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran eta Jesus Mari Irazu aritu ziren oholtzan, hika, noka eta toka erabiliz.

Gai-jartzaile lanetan Haritz Alberdi aritu zen, eta saioa doakoa eta irekia izan zen. Publikoaren erantzuna bikaina izan zen, eta bertsolarien lan finak txalo zaparrada beroak jaso zituen.

Bertso jaialdiak publiko ugari eraman zuen Elkargunera. Udala

Sari-banaketa

Bertso saioaren baitan, Hike eizan! lehiaketako sari-banaketa ere egin zen. Sarituak beren lanak ozen eta bertaratuen aurrean kantatuz aurkeztu zituzten, momentu hunkigarriak sortuz.

Helduen mailan, Iñigo Legorburu Arregi hernaniarrak jaso zuen lehen saria, Elkar ezagutuz lanarengatik.

Bigarren saria, berriz, Juan Ramon Alberdi Ibarmia azkoitiarrak eskuratu zuen, Justizia izeneko bertso-sorta aurkeztuta. Halaber, Azkoitia saria, helduen mailan, Naia Arrizabalaga Arrietak irabazi zuen Begi bustiei lanarekin.

Gazteen maila

Gazteen mailan, lan bakarra aurkeztu zenez, sari bakarra banatu zen.

Oier Juaristi Agirrebeña azkoitiarrak jaso zuen lehen saria, Gure euskara zaharra bertso-sortagatik. Azkenik, umeen mailako saria Errezilera joango da: Mikel Zabala Tolosa izan da irabazlea, Errezilen galduta lanarengatik.