Zumartek eta Ziortzak botako dute Usurbilgo txupinazoa
Musika eskolak eta gazte elkarteak aurten 40 urte bete dituzte eta lana eskertuko zaie
Ziortza gazte elkarteak eta Zumarte musika eskolak botako dute UsurbilgoSantixabel jaietako txupinazoa uztailaren 1ean.
Ziortzak zein Zumartek 40. urteurrena dute aurten, eta txupinazoa botatzea 40 urteotan egindako lanaren aitortza egiteko baliatu nahi izan du jai batzordeak. Soka dantzako gonbidatuak ere haiek izango dira.
Aurkezpenean Jon Mikel Azpiazu zinegotziak azaldu zuenez, txupinazoarena ebatzi aurretik erabaki zuten haiek gonbidatzea, eta baiezkoa eman zuten. Zumarteko eta Ziortzako ordezkariek, beraz, uztailaren 2an, Udalbatzako zinegotziekin dantza egingo dute.
Ekainaren 30etik uztailaren 6ra
Santixabelak ekainaren 30etik uztailaren 6ra izango dira, eta, ohi bezala, adin eta gustu guztietarako egitaraua prestatzen ahalegindu da jai batzordea. Esan bezala, txupinazoa uztailaren 1ean izango da, 19.00etan, eta horren ostean herri kalejira egingo dute, buruhandi eta erraldoiek lagunduta: jai batzordeko eragile guztiek parte hartuko dute bertan, eta herritar guztiak ere bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Egun horretan bertan, gainera, festa giroa goizean goizetik sumatuko da, oilasko biltzaileak irtengo baitira. Buruhandi berriak txupinazoaren ostean irtengo dira lehenengo aldiz, eta aurkezpenean jakinarazi zutenez, beste ezusteko bat ere izango da.
Kontzertuei dagokienez, estilo desberdineko hainbat talde arituko dira, frontoian zein txosnetan: Tapia eta Leturia, Janus Lester, Viafara, La Txama, Djak, Mexico Lindo mariatxia eta Laket, besteak beste. Txarangak eta elektrotxarangak ere izango dira.
Ohiko ekitaldiek ere ez dute huts egingo: bertsio gaua eta karaokea izango dira txosnetan, baita gazte bazkaria eta paella lehiaketa ere. Urteroko bertso saioa eta jubilatuen bazkaria ere egingo dituzte. Kirolik ere ez da faltako: herri kirolak egingo dira, herritarrez osatutako bi talde lehian jarrita, pala txapelketa, toka, ginkana...
Festa zaintzaileak
Bestalde, aurten ere, komunitate lantaldeak jai batzordean parte hartu du festen antolaketan, gainerako eragileekin batera. Espresuki adinekoengan pentsatuz antolatutako ekitaldiez gain, erraztasunak ematen saiatu dira haiek ere festez gozatzeko aukera izan dezaten eta festen parte senti daitezen, esaterako, gustuko dituzten ekitaldiak haientzako ordu aproposetan ezarriz.
Hala, festetako bertso saioa 19.00etan egingo da aurten ere, edo txutxu trenaren tarte bat espresuki gordeko da Eguneko Zentroko eta Eguneko Arretako erabiltzaileentzako.
Bideo zaharren emanaldi berezi bat ere haiengan pentsatuz antolatu da: iaz izandako arrakasta ikusita, 1371-1971. Usurbil villa bezala izaten hasi zenetik 600 urte lana eta Usurbilgo 1991ko Sagardo Eguna lana ikusteko aukera izango da. Bi emanaldi izango dira, 17.00etan eta 19.00etan, ekainaren 30an, eta bi lanak jarraian jarriko dira, Sutegin.
Azken urteetan bezala, indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko da santixabeletan. Emagin elkartea kontratatu du Udalak zeregin horretarako. Informazio gunea eta arreta puntua jarriko dira festetako egunik jendetsuenetan, uztailaren 4an eta 5ean, Mikel Laboa plazan eta gaztelekuan.
Azkenik, barraken prezioa aurten igo egingo da, baina prezio bereziak izango dira hilaren 3an eta 7an.