Kooperatibismoaren oinarrizko balioak sustatzen dituzten enpresak aitortzeko helburuz sortutako Kooperatuz sariaren III. edizioa ospatu da aurten, Irungo BDSKoop Elkartearen (BidasoaKoop) eskutik, eta gaur goizean sari banaketa egin da. Lehen bi edizioetan tokiko eta Gipuzkoa mailako esperientziak saritu ostean, aurten lehen aldiz Euskadi osoko kooperatiba eta lan-sozietateei ireki zaie deialdia.

Oraingo honetan bi proiektu izan dira sarituak: Tantai Baso Jabe Kooperatiba, izaera demokratikoan sakontzen duen barne antolaketa eredugarriagatik, eta Aiaraldea Kooperatiba Elkartea, lurralde garapenean eta kooperatiben arteko lankidetzan duen eraginagatik. Sariak Enekoitz Etxarretak (GEZKI) eta Beñat Irasuegik (Olatukoop) banatu dituzte, hurrenez hurren.

Barnera begirako printzipioak: Tantai Baso Jabe Kooperatiba

‘Izaera demokratikoari’ saria jaso du Tantai kooperatibak. BDSKoop-etik azaldu dutenez, “hezkuntza eta komunitate-proiektuetan ikuspegi parte-hartzaile eta transbertsala lantzen du, eta kooperatibismoaren oinarrizko printzipioak, hala nola, sarrera librea, kudeaketa demokratikoa, parte-hartze ekonomikoa, autonomia eta independentzia, modu eredugarrian garatzen ditu bere eguneroko jardunean”.

Kanpora begirako printzipioak: Aiaraldea Kooperatiba Elkartea

Komunitatearekiko lankidetza eta interesa saritu dira Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen kasuan. “Komunikazio proiektu herritar honen bidez, Aiaraldeko garapen sozial eta ekonomikoan errotutako ekimen sendoa osatu dute. Hezkuntza, prestakuntza eta informazioa lehenetsiz, eta kooperatiben arteko elkarlana sustatuz, eraldaketa sozialaren aldeko proiektu eraginkorra bihurtu da”.

Ekonomia Sozialaren aldeko apustua

Sariaren antolatzaileek azpimarratu dute kooperatiba izatea ez dela forma juridiko huts bat, baizik eta balioetan oinarritutako jardun eredua. “Kooperatibak baino, kooperatibistak behar ditugu”, adierazi dute, ekonomiaren ikuspegi sozial eta demokratikoa aldarrikatuz.

Ekonomia Sozialak, egun, 6.000 enpresa eta 150.000 langile inguru biltzen ditu Euskadin, baina oraindik kapitalaren logikan oinarritutako enpresa pribatuak dira nagusi. Testuinguru horretan, BDSKoop-ek adierazi du gizarte justuago, parte-hartzaileago eta iraunkorrago bat eraikitzeko ezinbesteko aliatua dela ekonomia soziala, eta horretan eragile publiko eta komunitario guztien arteko lankidetza gakoa dela.

Etorkizun kooperatibista

Sari honen bidez, balio kooperatiboetan oinarritutako esperientzia eraldatzaileak ikusaraztea eta sarean jarduteko indarra handitzea dute helburu antolatzaileek. Horregatik, BDSKoop-ek eskerrak eman dizkie prozesuan lagundu duten erakundeei: Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomia Saila, Olatukoop, Elkar-lan, EHU-GEZKI, MU-Lanki, REAS eta Ekonomia Sozialaren bidez lurraldeen eraldaketa bultzatzen duten udalerri eta garapen agentzia guztiei.

Azkenik, aipamen berezia egin diete saritugabe geratu diren baina “kalitate handiko proiektuak garatzen dituzten” hainbat kooperatibari, hala nola Maitelan, EH Kom, Ta Puntu, Eme eta Labox kooperatibei, guztiak ere Ekonomia Sozialaren printzipioen aplikazio eredugarria egiten ari direnak.