Aste honetan Hernaniko Udalak eta Jai Batzordeak sanjoanetako egitaraua elkarrekin aurkeztu dute eta aurtengo omenduak nor izango diren ere aurreratu dute.

Aurten, txupinazoa bi eragileren artean botako dute, Jai Batzordeak hala erabakita: Kantaitako emakumeek eta Kronika egunkariak, biek 25 urte ospatuko baitituzte.

Aurkezpen ekitaldian, Kantaitako emakumeen izenean, Pepi Arrospidek hartu zuen hitza. Gogora ekarri zuen 2001ean nola hasi ziren kantaita ospatzen, Errenteriako Iraultza dantza taldeko Ramon Garciak animatuta. “Badira inoiz galdu behar ez genituzkeen baloreak. Horietako bat kantategia da. Galzorian zegoen Kantaita berreskuratu genuen herrietako bat izan da Hernani”. 

San Joan konpartsaren babesarekin hasi zuen bidea Kantaitak. Lehenengo aldi hartan, 24 emakume atera ziren plazara. Gaur egun, haietako lauk oraindik jarraitzen dute parte hartzen. 

Bestalde, Kronikaren lehenengo zenbakia atera zela 25 urte beteko dira, zehazki, ekainaren 23an, sanjoanak hasiko diren egunean bertan. Dobera Euskara Elkartearen gerizpean jaio zen. “Kronika sanjoanak hasten diren egunean jaio zela kontuan hartuta, ilusio handia egiten digu txupinazoa botatzeko aukera izateak”, esan zuen Iñigo Goñi Iradi kazetariak. Kronikaren hasierak gogora ekarri ditu: “Euskararen eta herri kohesioaren alde hasi ziren lanean duela 25 urte, Hernaniko eta Ereñotzuko albisteak biltzen Unai eta Eñaut Agirre, Aritz Zerain eta Jexux Mari Irazu”.

“Urteak pasa ahala garapena eta hazkundea izan du Kronikak eta hernaniarren egunerokoaren parte garela uste dugu. Gaur egun taldea lau kazetarik, bi administrarik, bi publizistek eta inprimatzaile batek osatzen dugu, hasierako izaera mantenduz”.

Egitaraua

Egitarauari dagokionez, Sanjoanetako Jai Batzordeak 69 ekintza biltzen dituen egitaraua osatu du eta festek ia 186.000 euroko aurrekontua izango dute.

Aitor Huizik, Kultura zinegotziak, bereziki azpimarratu zituen sanjoanetan egongo den musika eskaintza. “Zea Mays, Mirua, Skabidean, DJ Osto, Los Tenampas... Adin guztientzako eta estilo askotariko musika eta kontzertuak izango ditugu”. Gaztetxoengan jarri zuen fokua: “Batzuetan ez da erraza adin-tarte horretarako eskaintzarekin asmatzea. Inauterietan arrakasta handia izaten duenez, DJ saioa antolatu dugu festetan”.

Era berean, aurten festen aurreko Azeri Bila herri lasterketa berreskuratu dela gogora ekarri du Huizik (ekainaren 21ean izango da).

Irisgarritasuna

Jaiak guztientzat irisgarriagoak izateko pixkanaka ematen ari diren urratsak aipatu zituen Huizik. Horren adibide, aurten, sanjoanetako hasieran gune erreserbatua egongo da gurpildun aulkian dauden herritarrentzat; txosna gunean komun egokitu bat jarriko da eta sanjoanetako programa braillez ere badago.

Spomia eta argiari sentsibilitate handia dioten haurrengan pentsatuz, hiru egunez, bi orduz ez da musikarik eta argirik izango barraketan. Ekainaren 22an, 25ean eta 27an, 17.00etatik 19.00etara musikarik eta argirik gabeko tarteak izango dira, haur horiek ere gozatzeko aukera izan dezaten.

Suziri kopurua ere txikiagoa izango da aurten.