Ostiralean hasiko dituzte Oiartzungo Arraguako bizilagunek auzoko festak. Programazio nagusia hiru egunetan pilatu dute eta igandera bitarte hamaika ekitaldi prestatu dituzte.

Ostiralean, besteak beste, 18.00etan txupinazoa haurtiko dute, Aldeuna elkarteko atarian Agurra dantzatuko da eta Lartaungo txistulariak eta buruhandiak ibiliko dira auzoan zehar. Ondoren haur jolasak eta Holi Festa egongo da eta bigarren honetarako arropa zuria eman beharko da.

Gauean, 21.00etatik aurrera, June Galardiren kontzertua izango da eta bertan afaltzeko aukera egongo da. 22.30ean Elektrotxufla taldea musika jotzen ibiliko da hainbat tokitan. Amaitzeko, Liatu garete eta Mikerinos dj-ak erritmoa jarriko diote gauari.

Larunbata eta igandea

Larunbat goizean pelota partidak Oiarperen eskutik egongo dira eta Oidultz dultzainero taldea auzoan zehar ibiliko da. 14.00etan herri bazkaria ospatuko dute eta amaitzerakoan bingoa eta zozketa egongo dira.

Arratsaldean eta gauean musika izango da nagusi Belarrifuckers talde mutrikuarrarekin, Kontraband taldearekin eta Dj Ztorekin.

Igandean burutuko dira ekitaldi gehienak. Goizean, meza; diana auzoan zehar Lartaun txistulariekin; kalejira auzoan zehar Haurtzaro ikastolako dantzariekin; erraldoi txikiak, puzgarriak eta toka txapelketa izango dira.

Arratsalderako bizkotxo txapelketa (17.00etarako entregatu behar dira frontoian), Motx pailazoaren ikuskizuna eta txokolatada, bizkotxoen dastaketa eta sari banaketa prestatu dira. Festekin amaitzeko, suzko zezena aterako da.

Autobus zerbitzu bereziak

Goizetik gaueko ordu txikiak arte luzatuko da festa, eta beste auzoetan bizi den oiartzuar ugari hurbilduko denez Arraguara, etxerako buelta errazteko gaueko Xorrola zerbitzua eskainiko du Udalak ostiral gauean. 1.00etan hasi eta 5.00etara, orduro zortzi auzoetatik pasako da.

Larunbatetik iganderako gauean Lurraldebusen gaueko ohiko autobusa ibiliko dela ere gogorarazi du Udalak.