Aurten Andoainen Axeri dantzaren 50. urteurrena eta 25 urte bete direla emakumeak talde esanguratsu honetan hasi zirenetik ospatzen da. Horiek horrela, ostiralean 18.30ean Bastero kutur etxean mende erdi hau laburbiltzen duen erakusketa zabalduko da. Erakusketa ekainaren 27ra arte egongo da zabalik eta antolatzaileek, Andoaingo Axeri Dantza Elkarteak, aditzera eman duenez, “erakusketa hau antolatu da, herritarrek urtez urte bizi izan dutena gogoratzeko eta ibilbide honetan arrastoa utzi duten hainbat pertsonari omenaldi txiki bat egiteko helburuarekin”.

“Urte hauetan zehar, parte-hartzea funtsezkoa izan da Andoaingo kultura ondare ukaezina den dantza hori mantentzeko eta garatzeko”, adierazi dute. Eta gogorazi dute: “Gure komunitatean garrantzi handia duen dantza hau Lizar Makil dantza taldearen eskutik berreskuratu zen eta segida ematea ezinbestekoa dela ikusi da”.

Mende erdi bat ospakizunetarako arrazoi borobila denez, Axeri dantza urte osoan presente egon dadin hainbat ekimen antolatu dituzte, Andoaingo Udalaren laguntzaz; besteak beste, duela mende erdi berreskuratze lan hartan aritu zirenei aitortza egiteko eta Andoainen eta Adunan soilik egiten den dantza hau balioan jartzeko. 

Emakumeen parte-hartzea

“Gainera, 50 urte betetze hutsa ospakizunetarako arrazoi nahiko ez balitz, bada azpimarratu gabe utzi nahi ez dugun efemeride bat. Hain juxtu, 25 urte beteko baitira Andoaingo Axeri dantzan emakumeek lehen aldiz parte hartu zutenetik. Edo beste modu batera esanda, 25 urte daramatzagu herriko ondare den Axeri dantza modu parekidean plazaratuz. Eta hori ere ospatu nahi dugu!”, azpimarratu dute elkartetik.

Ekitaldiak otsailean hasi ziren: “Puska Biltzean aritu ginen Goiburu auzoan inauteriei ongi etorria emanez. Martxoaren 8ko egitarauaren barruan mahai-inguru interesgarria izan genuen, emakumeek Axeri dantzan izan duten parte-hartzearen inguruan solasean aritu ginelarik. Eta orain, maiatzean, 50 urte hauetako historia biltzen saiatuko gara Basteroko erakusketa gela gorriz margotuz”. 

Urteurrena oroituko duen irudi edo logo bat ere badute esku artean. Adierazi dutenez, ekimen honekin “aspaldiko zor bat kitatzeaz gain, merchandaising dotorea prestatu dugu, beraz, adi egon sare sozialei sorpresak iragarriko baititugu”. 

Egun handia eta bazkaria

Ekainean, nola ez, 24a izango da Axeri dantzaren egun handia eta aurten ekitaldi honetan era batera edo bestera parte hartu duten eta parte hartzen duten lagunekin partekatu nahi dute. “Beraz, dantzari, dantzari ohi, ikusle, jarraitzaile edo Axeri dantza maite duen oro animatu nahi dugu egun horretan egingo dugun bazkari herrikoira”, aurreratu dute.

Eta urteurrena borobiltzeko azken bizpahiru urtetan ehuntzen ari diren ikus-entzunezko bat aurkeztuko dute. Azpimarratu dutenez, “Axeri dantzaren historia, esentzia, zein balioak bilduko dituen dokumentu grafikoa merezi du hain maitea dugun axerien dantza honek”. 

Andoaingo Azeri Dantza Elkarteak herritar guztiak gonbidatu ditu prestatu dituzten ekitaldi guztietan parte hartzera eta berreskuratutako ondare kultural hau bizirik mantentzera guztien laguntzarekin.