Euskaraldiaren edizio berri baten atarian, Blagan Euskara Elkartetik mahai-inguru bat antolatu da euskarak Hondarribian duen egoerari buruz hitz egiteko. Hitzordua ostegunean izango da, maiatzak 8, 19.00etan Kultur Etxean.
Euskararen biziberritze prozesuan Hondarribian dauden erronkei buruz hitz egingo da, bertaratzen diren herritarren laguntzarekin. Horretarako, Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak udalerriko datu soziolinguistikoen azterketa egingo du, jarraian, Saioa Zabala antropologoa eta Mikeldi Zeberio soziologoarekin batera gaur egun dauden hizkuntza-praktiken inguruan hausnartzeko.
Garoa Lekuona Euskara zinegotziak esan duenez, “mahai inguru honetan, lehenengo aldiz, euskarak Hondarribian duen erabileraren inguruko adituen hausnarketa ezberdinak entzuteko aukera izango dugu, eta oso garrantzitsua iruditzen zait maila honetako informazioa herritar ororen eta udalaren esku ere jartzea, norberak eta herri bezala ere, euskararen erabileran eman ditzazkegun pausuak edota gakoak zeintzuk diren esango dizkigutelako”.