Errenteriako Hibaika arraun elkarteak aste honetan aurkeztu du bere azken ekimena: euskarazko arraun hiztegi berria. Euskaraz egindako terminologia liburuxka, arraun munduko oinarrizko kontzeptuak euskaraz jasotzeko asmoz sortua, askotan hitz hauek erdaraz erabiltzen direlako. 

Ekitaldia komunikabideen aurrean egin zen, eta aurkezpenean arraunlariak, elkartearen arduradunak eta Euskaraldiaren batzordeko zein udaleko ordezkariak egon ziren.

Aurkezturiko liburuxkaren helburua bikoitza da: alde batetik, arraun zaleei tresna erabilgarria eskaintzea eta, bestetik, elkartearen eguneroko jardunean euskararen presentzia indartzea. Hiztegia “xumea izan arren, asmo handikoa” dela adierazi zuten, eta argi utzi zuten Hibaikak "euskara eta arrauna uztartu nahi dituela bere balioen ardatz gisa".

Euskaraldirako ekarpena

Hiztegiaren aurkezpena ez zen data hutsean egin, izan ere, Euskaraldia gertu baitago. Maiatzaren 15etik 25era egingo den ariketa erraldoiaren atarian, Hibaikaren ekarpena “txikia baina esanguratsua” da eta bai udal ordezkariek eta baita kirol elkartearen arduradunek ere herritarrak ekimen honetan izena ematera animatu nahi izan zituzten.

Hala ere, elkartearen esanetan, hiztegia ez da ekimen isolatua: “konpromiso eta norabide argi baten lehen urratsa” da. Euskararen erabilera ez da oraindik guztiz bermatua Hibaikan, baina norabidea markatua dute: euskararen presentzia handitzea urteko 365 egunetan.

Ekimenak erakusten du nola kirola eta hizkuntza lankidetzan aritu daitezkeen komunitate sendoago eta euskaldunago bat eraikitzeko.

500 ale

Guztira 500 ale atera dituzte hiztegiaren lehen ediziokoak, eta hauek Errenteriako liburutegi eta ikastetxeen artean banatuko dira, gazteen eskura jartzeko. Era berean, aurrerago formatu digitalean zabalduko dutela aurreratu zuten. Horrekin batera, elkarteak eskerrak eman zizkion Errenteriako Udalari, ekarpen ekonomiko eta instituzionalagatik.

Hibaika arraun elkartean egun 100 arraunlari baino gehiago ari dira lanean, maila ezberdinetan (Haur, Promesa, Gazte eta Senior), eta ekimen honen bidez euskararen eta arraunaren arteko lotura sakondu nahi dute, belaunaldi berrietan eragin positiboa izateko asmoz. Arduradunek adierazi zutenez, kopuru horrek erakusten du kirol elkarte honek eragiteko duen gaitasuna.