Síguenos en redes sociales:

Usurbilek Eusko Jaurlaritzari tentsio handiko eremu izendapena eskatuko dio

Maiatzaren 7an Txirikordan etxebizitza diagostikoari buruzko azalpenak eskainiko dira

Usurbilek Eusko Jaurlaritzari tentsio handiko eremu izendapena eskatuko dioN.G.

Usurbilgo UdalakEusko Jaurlaritzari eskatuko dio izenda dezala Usurbil tentsio handiko etxebizitza merkatuko eremu. Izendapen hori eskuratzeko, bi baldintza ezarriak ditu legeak, eta bietako bat betetzea nahikoa da izendapena eskuratzeko: horixe da Usurbilen kasua, eta eskaera egingo du ofizialki.Etxebizitzen diagnostikoaren zein planaren berri emateko bilera irekia egingo da, maiatzaren 7an, 18.00etan, Txirikordako sotoan.

Udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeko bi baldintza zehazten ditu 12/2023 legeak. Batetik, azken bost urteetan alokairuaren prezioa KPI (Kontsumo Prezioen Indizea) baino hiru puntu gehiago igo izana, eta, bestetik, herritarrek euren diru-sarreren %30 baino gehiago bideratzea etxebizitzari lotutako gastuetara (alokairua, hipoteka eta etxeko oinarrizko hornidura gastuak barne hartuta). Usurbilen lehenengo baldintza betetzen da.

Izan ere, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenean, alokairuaren prezioa gehien hazi zen udalerrien artean zerrendatu zuten Usurbil, %19,90ko igoerarekin. Bigarren baldintza ez du betetzen, baina gutxigatik, %28 inguru bideratzen baita, batez beste, etxebizitzen gastuetara.

Diagnostikoa eta ekintza plana

Izendapena eskuratzeko baldintza bakarra betetzea nahikoa denez, eskaerarekin aurrera egingo du Udalak, aurrez, legeak zehazten duen bezala, bi lan egin ostean. Batetik, herriko etxebizitzen inguruko diagnostikoa egitea, eta, bestetik, hiru urterako ekintza plan bat osatzea. Udalak biak esku artean ditu, dagoeneko.

Usurbilgo kasuan, planaren indarraldia 2026-2028 aldirako litzateke, izendapena ofizialki eskuratzeko 2025 amaiera izango dela aurreikusten baita.

Udalak eskatuta, Usurbilgo ekintza planean herritarren zaintza beharrak aintzat hartu dira. Helburua da Usurbilgo biztanle guztien etxebizitza-beharrei erantzutea bizitza-ziklo osoan, gazteen emantzipaziotik hasi eta adinekoentzako etxebizitza-baliabideetara, laguntza eta zaintza zerbitzuekin; izan ere, bizitzan zehar zaintza beharrak aldatu egiten dira, eta, beraz, baita etxebizitza beharrak ere.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra

Planaren indarraldiak bat egingo du, gainera, behin-behineko onarpena eman berri zaion HAPOaren,Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren, lehenengo laurtekoarekin, eta hala islatu dute planean ere.

Izan ere, HAPOan antolatutako etxebizitzen garapen orekatu bati eusteko helburuarekin, epe luzerako eta lau urteko fasekako programazioa aurreikusi zen. Hirigintza dokumentu horren behin betiko onarpena 2026rako iristea espero denez, lehenengo laurtekoak eta etxebizitza planak denboran bat egingo dute.

Tentsio handiko eremu izendapenak hiru urteko epemuga du, eta ondoriozko neurri nagusiek alokairuan dute eragina. Epe hori pasata, luzatzeko aukera izango da, hastapeneko baldintzek jarraitzen badute eta egoera hobetzeko jarduerak justifikatzen badira. Ekintza planean, halaber, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko hainbat neurri edo proposamen ere zehazten dira, baita zeintzuk lehenetsiko diren ere.