Edizio berezia izango da aurtengoa: alde batetik, Aloñako Igoerak 20 urte beteko dituelako, eta bestalde, Asier Sagastizabal 'Sagas' omenduko dutelako. “Antolakuntza taldeko kidea izan da eta duela gutxi hil da. Urte guzti hauetan egindako lana eskertzeko, omenaldi xume bat egingo zaio apirilaren 27an, probaren aurretik”, azaldu du Mikel Madinagoitiak Oñatiko mendi lasterketaren aurkezpenean.
Gainera, hileko azken asteburua ere berrikuntzekin dator. Ostiral horretan, Arranoaitzerako igoera egingo da. “Arantzazu inguruan habia egin duten hegaztiak babesteko, bost urtean behin egiten dugun Buetraitzeko kilometro bertikala aurten bertan behera utzi behar dugu”, zehaztu du Madinagoitiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako aginduak ulertuta, antolakuntzak alternatiba bat bilatu behar izan du. Beraz, apirilaren 25ean, 22.00etan hasita, 5,45 kilometroko ibilbidea eta 610 metroko desnibela duen Arranoaitzerako igoerak hartuko du lekukoa. “Foruen Enparantzatik hasita, Errekalde baserriraino lasterketa neutralizatua izango da, eta handik tontorreraino, konometratua. Arranoaitzeko etxolatik tontorrerako tartea azkarren egiten duenak Fagor Saria jasoko du (100 euro)", azpimarratu du Madinagoitiak.
Guztira, 100 korrikalarik egingo dute hilaren 25eko proba. Iñigo Larizek, Aitor Ugartek, Beñat Katarainek, Hodei Samaniegok eta Xabier Lete oñatiarrak parte hartuko dute, besteak beste. Eta, emakumezkoetan, Ainhoa Lendinez (hiru aldiz irabazi du Buetraitzeko kilometro bertikala), Oihana Kortazar eta Maite Zabaleta.
Lasterketa nagusia
Bi egun geroago, apirilaren 27an, jokatuko den XX. Aloñako Igoerak ez du aldaketarik izango: 22,6 kilometro eta 1.886 metroko desnibela. 350 korrikalarik lortu dute dortsala zozketa bidez (842k eman zuten izena): 307 gizonek eta 43 emakumeek. Horietatik, 162 debagoiendarrak dira: 111 oñatiarrak, 23 arrasatearrak, hamaika aretxabaletarrak, hamaika bergararrak, lau eskoriatzarrak eta bi antzuolarrak.
Korrikalari gehienak Euskal Herrikoak, eta bereziki gipuzkoarrak (237) dira; baina badaude kanpotik datozenak ere.
Izen propioak
Aloñako deabruak emandako bengalarekin helmugan sartzea zer den dakiten hainbat korrikalarik parte hartuko dute aurtengo edizioan: Walter Becerra (sei aldiz irabazi du lasterketa), Imanol Goñi (hirutan) eta Aitor Ajuria (bitan). Haiekin batera goiko postuengatik lehian egongo dira Jan Margarit (Bartzelona-Salomon taldea), Diego Menendez (Asturias-Asics taldea), Anartz Artola, Mikel Zabalegi, Jon eta Beñat Etxabe eta Xabier Lete.
Emakumezkoei dagokionez, Oihana Kortazarrekin batera (bitan irabazi du Aloñako Igoera), Lide Urrestarazu, Nuria Llanso, Irati Zubizarreta eta Ainara Uribarri oñatiarra egongo dira.
Deabruren hiruhortza jasoko dute
Ohiko sariez gain, irabazleei deabruaren hiruhortza emango zaie oroigarri moduan. “Mendiaraiz enpresak egin du metalezko garaikurra, eta txapelarekin batera jasoko dute bi kategorietako azkarrenek”, aurreratu du Madinagoitiak.
Proba 9.30ean hasiko da, baina, aurretik Asier Sagastizabal 'Sagas' omenduko dute irteera puntuan, hau da, Foruen plazan.
Salomon zirkuiturik ez
Iaz Aloñako Igoerak Salomon markaren babesa izan zuen, eta hari esker, lasterketa Golden Trail National Series zirkuituan sartu zen. Aurten, Salomonek hala erabakita, ez da zirkuitu hori egingo, baina, babesle gisa izaten jarraituko du.
Iazko lasterketa streaming bidez zuzenean emateko aukera eman zuen Golden Trail National Series zirkuituan egon izanak. Aurtengo edizioan, ordea, ez da egongo aukera hori. Dena den, antolakuntzak ahalegin berezia egingo du, lasterketaren une jakin batzuetan, zuzeneko irudi batzuk ikusi ahal izateko, Foruen Enparantzan jarriko duten pantaila erraldoian.
Bestalde, hogeigarren urteurrena aprobetxatuz, asteburu osoko egitaraua antolatu da. Berritasunen artean, baina, igandean izango den bazkari herrikoia dago, Fagor Professionalek babestuta. “Urteetan zehar emandako laguntza eskertuko zaie boluntarioei bazkarira gonbita luzatuta. Ondoren, Andoni Ollokiegi musikariak giroa jarriko du”, aipatu du Madinagoitiak.
Nolanahi ere, edozein herritarrek goza dezake bazkariaz. Horretarako, txartelak eskuragarri daude Txokolateixian, 25 (helduak) eta 12 (haurrak) euroren truke.
Asteburu osoko egitaraua
Apirilak 25
• 19.00-21.30: Aloñako Igoerako eta Arranoaitzerako igoerako dortsalen banaketa, Foruen Enparantzan.
• 22.00etan: Arranoaitzerako Igoera.
• 23.30ean: azken korrikalaria Arranoaitzen.
• Jarraian, sari banaketa, Foruen plazan.
Apirilak 26
• 10.00etan: Salomonen Ultra Glide 3 oinetakoen testa, Foruen Enparantzan.
• 12.00etan: testa egin duten korrikalarien talde argazkia, eta luntxa.
• 19.00etan: laguntzaileekin bilera ('briefing'-a) azokan.
Apirilak 27
• 8.00-9.00: Aloñako Igoerako dortsalen banaketa, Foruen plazan.
• 9.30ean: Deabruaren agerraldia eta probaren hasiera.
• 10.30ean: Aloña Txiki, umeen lasterketaren hasiera (izen-emateak: www.aloinakoigoera.eus-en).
• 11.30ean: lehen korrikalariak helmugan.
• 13.45ean: probaren amaiera, eta sari banaketa ekitaldia.
• 15.30ean: boluntarioen lana eskertzeko herri bazkaria azokan.
• Ondoren, Andoni Ollokiegiren kontzertua.