Síguenos en redes sociales:

Ibilbide aldaketa: Arrasate-Udalatx mendi lasterketa ez da Besaidetik pasako

Babestuta dauden hegaztiei arazorik ez eragiteko hartu dute erabakia, igande honetako probari begira

Ibilbide aldaketa: Arrasate-Udalatx mendi lasterketa ez da Besaidetik pasakoMondraitz Kirol Kluba.

Arrasate-Udalatx mendi lasterketaren bederatzigarren edizioa izango da igande honetan, azken orduko aldaketa batzuekin. Mondraitz Kirol Klubak jakinarazi du “administrazioko teknikariek ohartarazi” dietela probaren eremuan “egon daitezkeen eta babestuta dauden hegaztiei” eragin diezaiekeela lasterketak. Horren ondorioz, Besaide ingurutik ez dira pasako korrikalariak, eta lehenengoz Anporretako tontorrera igoko dira.

Hona hemen antolakuntzatik zabaldu duten mezua:

Arrasate-Udalatx mendi lasterketa natur espazioan burutzen den lasterketa da eta azken orduan administrazioko teknikariek ohartarazi digute probaren eremuan egon daitezkeen eta babestuta dauden hegaztiei eragin diezaikeela. Gure konpromisoa da kirola eta natura uztartzea, betiere ingurunea zainduz eta bertako biodibertsitatea errespetatuz. Horregatik, eta teknikarien argibideei jarraituz, igandeko lasterketaren ibilbidea aldatu behar izan dugu.

Lasterketaren ibilbideak ezaugarri berdintsuak mantenduko ditu, distantzia eta desnibelari dagokionez. Berritasun gisa, lehenengoz Anporretako tontorra igoko da eta jarraian lasterkariek Udalatx-eko norabidea hartuko dute. Besaide ingurutik, ordea, ez da lasterketa pasako.

Ingurumenaren zaintza

 Antolakuntzatik ulermena eta lankidetza eskertu nahi ditugu, eta adierazi ingurumenaren zaintza gure lehentasun nagusietako bat dela. Gure ingurunea errespetatzea ezinbestekoa da, eta horrelako erabakiek erakusten dute kirol jarduerak naturarekin bateragarri egin daitezkeela ardura eta elkarlanarekin. Lasterketari buruzko xehetasun guztiak Mondraitzeko webgunean daude eguneratuta.