Síguenos en redes sociales:

Gastronomia, musika eta artisautza uztartuko dituen festa egingo dute Zumarragan

Apirileko azken asteburuan egingo dute, herriak trikitixaren historian duen garrantzia gogoratzeko

Gastronomia, musika eta artisautza uztartuko dituen festa egingo dute ZumarraganAsier Zaldua

Zumarragako Udalak Bide Bizia jaialdia antolatu du apirilaren 25, 26 eta 27rako. Herriak trikitixarekin duen harreman estua oinarritzat hartuta, festak musika, gastronomia, artisautza eta ondarea uztartuko ditu. Jaialdia Zumarraga Bide Bizia turismo markaren baitan antolatu da.

Jaia hilaren 25ean hasiko da (ostirala). 16.00etan, 17.00etan eta 18.00etan zume eta pandero tailerrak egingo dituzte Zelai Arizti pilotalekuko karpan. Zumarragan garrantzi handia izan zuen zumegintzak. Herriko lehen industria izan zen eta zumearekin lan egiten zuten lantegi asko izan ziren. Saskiak eta altzariak egiten zituzten. Piedad kaleko aldapa Saskigileen Aldapa izenarekin ezagutzen da.

Ondoren, 20.00etan toki berean, kantu afaria egingo dute, Berakatz musika taldearekin eta herriko trikitilariekin. Bertaratzen direnek Goya eta Haraknoren furgonetetan prestatutako hanburgesak afaldu ahal izango dituzte. Euskal Herriko artisau garagardoak eta sagardoa dastatzeko aukera ere izango da.

Larunbat goizean Made in Urolako artisauek azoka egingo dute Zelai Ariztin. 10.00etatik 14.00etara, hain zuzen ere. Iluntzean kontzertua egingo dute. Tapia eta Leturiak, Aimar Z zumarragarrak, Aramuk, Irrintzi taldeko dantzariek eta herriko bertso eskolako bertsolariek parte hartuko dute. Bezperan bezala, bertaratzen direnek hanburgesak jateko eta garagardoa eta sagardoa edateko aukera izango dute.

Azken ekitaldia igandean izango da. 10.00etatik 14.00etara txu-txu trenak Elizkaletik Antiora eramango du jendea. Bertan, Beloki mendiko natur ibilbidea egiteko aukera izango dute. QR bidez natur ibilbide horri buruzko informazioa jasoko dute: natur ibilbidean ikusten den guztia, Zumarragako historia…

Zumarraga Bide Bizia jaialdia atzo goizean aurkeztu zuten Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Itsaso Aramendi teknikariak parte hartu zuten. 

Pazko Astea Serranok jaialdia Pazko Astean egingo dela gogoratu zuen. “Pazko Astea, betiko moduan, astelehenean Antion egingo den festarekin hasiko dugu. Beti bezala, haurren-tzako jolasak, txokolate jana eta herri kirolak izango dira. Aurten gazteek protagonismo berezia izango dute herri kirol jaialdian”.

Pazko Asteari amaiera emateko, Zumarraga Bide Bizia jaialdia antolatu dute. “Zumarraga trikitixaren sorlekua dela gogoratu nahi dugu. Horren inguruan dokumental bat egin dugu eta orain festa hau antolatu dugu. Gure ondarea erakusteko baliatuko dugu”.

Aramendik festa “goxotasun handiz” prestatu dutela esan zuen eta herritarrak parte hartzera gonbidatu zituen.