Hernaniko Jauregi bailarako auzo batzarrak komunikabideetara idatzi bat bidali du non udal Gobernuari eskatzen dioten eremuan jarri nahi den lur kutsatuak prozesatzeko plantaren administrazio-prozedura guztiak berehala eten ditzala eta ez dadila momentuz plenora eraman.
Gainera, herritarren parte-hartzea bermatuko duen eztabaida zabala eta gardena has dezala ere exijitu diote; “proiektuaren informazio osoa herritarren esku jarriz”.
Izan ere, bizilagunek salatu dutenez, ez zaie informaziorik eman eta tramiteak ez dira gardentasunez eraman, nahiz eta “Udalak urte eta erdi baino gehiago darama enpresa honekin negoziaketetan”. “Prozesu honetan ez da kontuan hartu auzotar zein herritarren iritzia”, kritikatu dute.
Martxoaren 13an bilera
Bizilagunek diotenez, beraien ezinegonak behartuta, martxoaren 13an, Udalak Jauregiko bizilagunak bilera batera gonbidatu zituen. “Alkateak berak proiektuaren aurkezpena egin zuen: azalpen urria eta informazio gutxikoa”, arbuiatu dute. “Deigarria izan zen proiektuaren inguruko datu zein irudirik erakutsi ez izana. Informazio guztia auzotarrok gure galderen bitartez lortu genuen. Galdetu ez zenaren inguruko informaziorik ez zen eman”, ziurtatu dute.
Hortaz, “proiektuaren inguruan dagoen ezjakintasunak zalantzak eta kezka” sortu ditu bizilagunen artean. “Gainera, Udala proiektua herritarren bizkar eramaten saiatu izanak deskonfiantza eragiten digu”, esan dute. “Hainbesteko garrantzia duen eta eragin handia izan dezakeen proiektu batek eztabaida eta hausnarketa sakona behar du, baina Hernaniko herritarrekin ez da horrelakorik egin. Eta hala ez bada, gutxienez informazio gardena jasotzea beharrezkoa ikusten dugu”, defendatu dute.
Osasuna eta ingurumena
Batez ere, proieku honek osasunean, ingurumenean eta ekonomian izan ditzakeena eraginen inguruko kezka handia dute. “Uste dugu gardentasunez aritzeko eta informazioa izateko eskubidea dugula bai Jauregiko auzotarrek eta bai Hernaniko herritarrek ere.
Gogorazi dutenez, Udalak egindako bileran, aipatu zuten Parisen antzeko planta bat dagoela. “Informazio huts horretatik abiatuta, jakin dugu lur kontaminatuen artean hainbat mota daudela eta hauek pertsonen osasunarentzako kaltegarriak izan daitezkeela, baita ingurumenarentzako ere. Material kutsakorrek partikulak emititzen dituzte eta hauen tamainen arabera, irentsi eta arnastu daitezke edota azalaren bitartez jaso”, salatu dute.
50.000 metro koadro
Gainera, proiektuaren tamainarengatik ere larrituta daude. Jakitera eman dutenez, Ekotrade enpresak lur kutsatuak prozesatzeko 50.000 metro koadroko planta bat jarri nahi du martxan Jauregi auzoan, honen tamaina kalkulatzeko Anoetako estadioak bere osotasunean 32.000 metro koadro dituela aipatu dute.
Horregatik, Udalak erantzun beharko lituzkeen hainabat galdera zabaldu dituzte: "Zer da zehazki egin nahi dena? Zein eragin izango du proiektu honek inguruan bizi garenon osasunean? Zein eragin ekologiko izango ditu? Planta honen azpiko akuiferoak zein kalte jasango ditu? Inguruan dauden negozio eta nekazal esplotazioek zein inpaktu jasango dute? Bada antzeko beste esperientziarik inguruan? Kalteak sortu ezkero zeini eskatuko dizkiogu ardurak? Hernaniko gune hori al da horrelako enpresa bat ezartzeko lekurik aproposena? Zergatik ari da Udala, ustez, horren onuragarria den proiektuari buruzko informazioa herritarrei izkutatzen?".