Irungo txikiei zuzendutako Solas-Jolas programa garatuko da udalerrian uda honetan ere. Aurreinskripzioak egiteko epea martxoaren 3an irekiko da eta 14ra arte egongo da zabalik.
Josu Iguiñiz Euskara zinegotziak adierazi duenez, aurtengo Solas-Jolas programan ere hiriko haurrek “aisialdi euskaltzale eta hezitzailean dibertitzeko aukera izango dute,egingo dituzten ekintza ugariei esker, hala nola, tailerrak, eskulanak, egun bereziak eta txangoak”. Era berean, Iguiñizek txikiek udako oporretan euskaraz gozatzeko aukera paregabea dela esan du, bai eta ikastetxe berekoak ez diren beste haurrak ezagutu eta euren hizkuntza ohituretan euskararen erabileran eragiteko.
Euskararen erabilera sustatzea
Programa honen helburua euskararen erabilera sustatzea eta hizkuntza horrekiko jarrera hobetzea da. Irunen erroldatuta dauden edo bertako ikastetxe batean matrikulatuta dauden haurrei zuzenduta dago, beti ere euskara hutsean edo euskaraz eta erdaraz ikasten badute. Aurtengo programan 2013 eta 2020. urteen artean jaiotako umeek parte har dezakete. Hau da, Haur Hezkuntzako 4 eta 5 urteko gelakoek; Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. mailen artean daudenak eta aipatutako mailaren batean daudenak edota 5. edo 6. mailakoak, heziketa premia zehatz bat badute.
Ohi bezala, aurten ere bi txanda izango dira: lehena, uztailaren 3tik 30era, eta, bigarrena, abuztuaren 4tik 29ra.
Arrakasta handiko programa
Euskara zinegotziak Solas-Jolas arrakasta handiko programa dela azaldu du, eta datorren udan ere 600 haur baino gehiagok parte hartuko dutela. Gainera, familien balorazioa oso positiboa izaten dela adierazi du, eta euskararen erabilerari dagokionez aurten jarraipenari arreta gehiago jarriko zaiola.
Interesa duten familia guztiek datorren astelehenetik, martxoaren 3tik, aurrera eta martxoaren 14ko 14.00ak arte egin ahal izango dute aurretiko izen-ematea. Horretarako Irun Txartela edo ziurtagiri digitala erabili beharko dute, eta Egoitza Elektronikoaren edo udalerriko hainbat puntuetan dauden udal autozerbitzuko terminaletan egin ahal izango dute, hala nola, HAZen, Kateko eta Anakako Kutxabankeko kutxazain automatikoetan, Palmera Montero Gunean, Alhondiga Belaskoenea Auzo Elkartean eta San Migueleko Helduentzako eremu sozialean.
Interesdunek haurraren datuak eman beharko dituzte: izen-abizenak, helbidea, ikastetxea, ikasketak egiten ari den zikloa, harremanetarako guraso edo tutorearen telefonoa eta posta elektronikoa.
Izena emateko epeak
Aurretiko izen-emateak egin eta gero, onartu eta ez-onartuen behin-behineko zerrendak martxoaren 31n plazaratuko dira, eta apirilaren 4ara arte erreklamazioak egin ahal izango dira. Ostean, behin-betiko zerrendak apirilaren 9an argitaratuko dira eta apirilaren 10ean 10.00etan izen-ematea egiteko hitzorduak zozketatuko dira. Zozketaren emaitzak egun horretan bertan, 15.00etatik aurrera, ikusgai jarriko dira udal webgunean.
Hala, zozketan esleitutako hitzorduen hurrenkeran egingo dira inskirpzioak, apirilaren 28tik maiatzaren 12ra bitarte. Zozketa horrek erabakiko du nork duen lehen hitzordua eta, ondorengo hurrenkera errespetatuz, iakstetxeetan eskainitako plazak aukeratzen joango dira, horiek bete arte. Ikastetxeak zeintzuk diren inskripzioa egiterako orduan zehaztuko dira.
Norbaitek galdera edo zalantzarik balu, Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jar daiteke irun@euskara.org helbide elektronikora idatziz edo 943 505 272 telefonora deituz.
'Haurrak Parkean' programa
Bestalde, gaur egin den prentsaurrekoan jakinarazi den moduan, Irungo Udalak eta Hezten Elkarteak 'Haurrak Parkean' egitasmoaren udaberriko eskaintza jarri dute martxan. Horretarako, martxoaren 5etik 28ra asteazkenetan eta ostiraletan, Hezten-eko jolas dinamizatzaileen laguntzaz, Irungo parke eta plazetan euskararen erabilera handitzea helburu duten saioak egingo dira.
'Zabu Zibu' ekintza 3 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat zuzenduta dago. Hauek 17.00etatik 18.00etara burutuko dira eta behar-beharrezkoa da haurrak guraso edo helduren batekin joatea. 'Txirrintxon' ekintza, berriz, 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta dago, eta 18.00etatik 19.00etara egingo da.
Saioak martxoak 5, 12, 19 eta 26, asteazkenetan, Nagore Laffage parkean (euria eginez gero, Alzukaitz kaleko Toki Alai ikastetxeko aterpean) eta Oinaurreko parkean gauzatuko dira; bestalde, martxoak 7, 14, 21 eta 28, ostiraletan, Arbium plazatxoko frontoi estalian, Katean, eta San Juan plazan (euria eginez gero, udaletxeko arkupeetan) egingo dira.