"Emakumezkoen arraunak aurrera egin du azken urteetan eta garrantzia hartzen ari da"
Eneritz Martiarena Arocena Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlari nabarmenetako batek jendeak gero eta gehiago ikusten eta sustatzen duela emakumezkoen arrauna azpimarratu du
22 urterekin, Eneritz Martiarena ArocenaHondarribia Arraun Elkarteko arraunlari nabarmenetako bat da. Hamasei urterekin hasi zen aulki mugikorrean, ordutik, kolore berdea defendatu du eta dagoeneko bost denboraldi jokatu ditu emakumezkoen traineruan. Bere kirol ibilbidetik sakrifizioa eta talde lana bezalako baloreak nabarmentzen ditu, eta emakumezkoen arraunari dagokionez, aurrerapausoak ematen ari direla nabarmendu du.
Nola hasi zinen kirol honetan eta zer izan zen gehien erakarri zintuena?
Batxiller garaian hasi nintzen, hau da, 16 urterekin. Aurretik ez nuen kirolik egiten, baina betidanik gustatu zait arrauna telebistan ikustea. Eta Hondarribian ez daudenez batelak edo trainerillak, beti hasten zara aulki mugikorrean. Ni ere horrela hasi nintzen, ‘jubeniletan’ bi urte egon nintzen, eta gero zuzenean traineruan hasi nintzen. Hau nire bosgarren urtea izango da.
Hondarribiak tradizio handia du arraunean. Zer esanahi du zuretzat uran kolore berdea defendatzea?
Ni irundarra naiz, baina ama hondarribiarra denez, betidanik estropadak eta errezibimenduak ikusi ditugu. Beraz, niretzat ohore handia da Hondarribia bezalako herri bat uretan defendatzea eta eskaintzen dugun maila ona ematea.
Zein izan dira zure ibilbidean aurkitu dituzun erronka nagusiak?
Pertsonalki, unibertsitate ikasketak entrenamenduekin uztartzea. Ni berandu hasi nintzen arraunean. Agian txikitatik hasi direnak ohituta daude rutina gogor horretara, astean sei egunetan entrenatzera. Baina denbora ondo kudeatzen ikasi dut eta horrela lortu dut denera iristea.
"Hondarribian badago emakumezkoen harrobia. Gainera, Elkarteak hori asko lantzen du"
Eta momenturik onenak?
Garaipenak edo postu onak lortu ditugunean. Baina, orokorrean, gehien nabarmenduko nukeena taldeko giro ona da. Talde gaztea gara, oso ondo eramaten gara eta lagun arteko gauza bat bezala hartzen dugu hau, horrela dena errazagoa da.
Zeintzuk izan dira aipatu dituzun garaipen horiek?
Jubeniletan negoenean Gipuzkoako txapelketa batzuk irabazi nituen. Gero traineruarekin 2021. urtean mailaz jaitsi ginen, baina 2022an ETE liga irabazi genuen, ia bandera guztiak irabaziz. Pasa den urtean Kaikuko deszensua zein Lekeitioko bandera irabazi genituen, eta Ligan hirugarren postua lortu genuen. Nahiko maila txukuna eman genuen.
Historikoki arrauna gehienbat gizonezkoen kirola izan da. Zorionez, badirudi emakumeak ikusgarritasuna irabazten ari direla, ezta?
Bai. Duela bi urte ligan lau trainerutikan zortzira pasa ginen eta hori aurrerapausu handia izan zen. Ikusi zen bigarren mailan bazegoela lehen mailara pasatzeko nibela zuten traineruak. Horrek, gainera, jendeak emakumezkoen arraunak aurrera egiten duela eta garrantzia hartzen dihoala ikusteko balio izan zuen, profesionala ere badela, zeren hasieran ez zitzaigun serio hartzen. Egia da gizonezkoen ligan hamabi direala, eta kopuru hori lortzea oso ondo egongo litzatekeela.
Hondarribian ba al dago emakumezkoen harrobia?
Bai, badago. Elkarteak harrobia lantzeko filosofia dauka gainera.
"Hondarribian badago emakumezkoen harrobia. Gainera, Elkarteak hori asko lantzen du"
Arrauna ez da soilik lehiaketa, Hondarribian oso errotuta dago. Nola sentitzen da herriaren babesa?
ETE liga irabazi genuenean guri ere harrera egin ziguten. Babes handia ematen digute. Goi mailako liga horretatik jeitsi ginenean pena handia sentitu genuen, baina herria hor egon zen. Urtez urte kaletik goazenean animoak jasotzen ditugu eta kanpora joaten garenean aurraun egitera ere herriko jende asko ikusten dugu. Hasieran harritzen ninduen jendeak kaletik gu ezagutzea. Baina horrela konturatu ginen ikusten gaituztela. Ni arraunean hasi nintzenean, jende gehienak gizonezkoen regatak ikusten zituen bakarrik, baina orain jendeak emakumezkoen arrauna sustatzen du eta interesa jartzen du.
Zer balio irakatsi dizkizu arraunak?
Garrantzitsuena sakrifizioa, eta denbora zein arazoak kudeatzen. Garrantzia soilik garrantzia duten gauzei ematen ikasi dut ere.
Zein helburu gustatuko litzaizuke lortzea arraunean?
Traineruarekin, goi mailako ligan jarraitzea. Eta pertsonalki, epe luzean arraunean jarraitzea.
Orain uztailean hasiko den denboraldia prestatzen ari zarete, ezta?
Bai. Azaroan hasi ginen berriro entrenamenduekin. Baja batzuk izan ditugu baina, esan bezala, oso giro onean entrenatzen dugu eta horrela indarrarekin iritsiko gara uztailean uretara.