Donostiako Tabakaleran, Hirigintzako Herri Arteko Foroa egin zen, Oinherrik eta Hiritik At-ek antolatuta.

Bertan, Euskal Herriko hainbat herrik hirigintzako proiektuen inguruko esperientziak partekatu zituzten, tartean Azpeitiak.

Alde Zaharra

Azpeitiko ordezkari gisa, Ander Larrañaga zinegotziak eta Edurne Korta Hezkuntza teknikariak Alde Zaharreko topagunearen proiektua aurkeztu zuten.

Frontoi Txiki ondoko eremuaren eraldaketa nola diseinatu zen, zein helburu izan dituen eta prozesua nola gauzatu den azaldu zuten.

Prozesoa

Iazko maiatzetik abendura bitartean burutu zen parte-hartze prozesua: lehenik, maiatzetik uztailera diseinu fasea garatu zen, eta irailetik aurrera elkarrizketak, osagarritze saioak eta deboluzioak egin ziren. Espazioa aurten eraldatzea aurreikusten da.

Emaitzak

Espazio libre baten aldeko hautua egin zuten Frontoi Txikiko prozesuan parte hartu dutenek: oztoporik gabekoa, multifuntzionala eta goxoa izan dadila eskatu dute. Estalki bat ere izango du eremuak, frontoiari itsatsita (ongi argiztatua eta kolore ez biziekin).

Aparkalekuak kendu

Eremua bera handitu ere egingo da, zenbait aparkaleku kenduz, eta haien ordez altzariak (bankuak…) edo landareak jarriz.

Harmailak, ping pongeko mahai bat eta abar ere jarriko dira plazako beste eremu batean. Horrez gain, lurra aldatu eta berdindu egingo da, irisgarriagoa izan dadin.

Foroan parte-hartzaileak

Donostiako Foroan, Azpeitiko ordezkariez gain,Sopelako, Lezoko, Elgoibarko eta Markina-Xemeingo ordezkariek ere beren esperientziak aurkeztu zituzten, herri mailako hirigintza parte-hartzailea sustatzeko helburuarekin.