Jon Joseba Aizpurua zumaiarra izan da garaile nagusia Azkoitiko Udalak antolatzen duen Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren 43. edizioan, Tai-Sabaki ipuinari esker, eta lehiaketaren lehen saria jasoko du, epaimahaiaren erabakiz. 

Bigarren postua Iraitz Legarra markinarrak eskuratu du Bihotz erien museoa lanarekin. Iaz lehen saria eskuratu ondoren, aurten ere bere kalitate literarioa nabarmendu dute epaimahaiko kideek. 

Hirugarren saria Azkoitian

Hirugarren saria, berriz, Azkoitian geratuko da, Juan Ramon Alberdiren Etsipenaren lantua ipuinak saria merezi izan baitu.

Aurtengo edizioan, gainera, epaimahaiak aipamen berezia ematea erabaki du. Arabako Lapuebla de Labarcako Juanma Gallegok Aiora lanarekin jaso du errekonozimendua.

Esperientzia zabala

Sarituek esperientzia zabala dute Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketan. Jon Joseba Aizpuruak iaz hirugarren saria eskuratu zuen, eta Iraitz Legarrak aurretik ere bi aldiz lortu du lehen postua (2016an eta 2017an). Alberdirentzat ere ez da sari bat jasotzen duen lehen aldia; 2019an hirugarren saria jaso zuen, eta 2020an bigarrena.

Aurten 31 lan aurkeztu dira lehiaketara, iaz baino bost gehiago. Epaimahaia Yolanda Larrañaga, Iñigo Ansorregi eta Juan Luis Zabalak osatu dute. Haien hitzetan, maila oso altua izan da, eta irabazleen istorioek “originaltasuna, sakontasuna eta kontakizunaren indarra” izan dituzte ezaugarri nagusi.

Sari banaketa ekitaldia otsailaren 21ean izango da, 19.00etan Azkoitiko udaletxean. Urtero bezala, ekitaldia irekia izango da, eta literatura zale guztiek bertaratzeko aukera izango dute. Antolatzaileek azpimarratu dute euskarazko Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa literatur sorkuntza sustatzeko ekitaldi garrantzitsua dela, eta datorren urtean ere parte hartzera animatu dituzte idazleak.

Emakumea eta idazlea

Bizenta Antonia Mogel Elgezabal euskaraz idatzi zuen lehen emakumetzat hartua izan da. Azkoitian jaio zen 1782an, han aita sendagile baitzebilen.

Gaztea zela aita hil zitzaion eta bera eta Juan Jose neba Markinara joan ziren osaba Juan Antonio Mogel apaiz idazlearengana. Ikasketak egin zituen osabarekin, latina irakatsi zion eta idaztera animatu zuen; irakasle ibili zen Adiskideen Elkartean. Eleuterio Basozabalekin ezkondu zen eta Abandon hil zen 1854an.

Bizenta Mogelen idazlanik ezagunena Ipui onak (1804) da, baina beste lanik ere egin zuen idazle azkoitiarrak: Gabonetaco cantia Bizkaitar guztientzat (1819) izeneko kantuaren egilea izan zen, Mahn-en antologian jasoa; Espaiña-ko Gotzai-buruaren Artzai idazkia (1820) euskaratu zuen; eta Ulibarri arabarraren testuak orrazten ere lagundu zuen.