Síguenos en redes sociales:

Hondarribiko Kasino Zaharreko taberna berriro zabalik, bost urteren ostean

Gaur ireki ditu ateak, belaunaldi ezberdinen topagune izateko asmoz

Hondarribiko Kasino Zaharreko taberna berriro zabalik, bost urteren osteanA.M.S.

Bost urtez itxita egon eta gero, HondarribikoKasino Zaharreko tabernak gaur ireki ditu ateak berriro. Hondarribiar askok irrikaz itxaroten zuten inaugurazioa izan da, goiz erdian jada bertan zegoen jende kopurua ikusita.

Taberna 2020ean itxi zen, pandemia garaian, eta 2022an Kasino Zaharra zerbitzu hau gabe ireki zen. Geroztik, hainbat proiektu gauzatu dira bertan, baina kafetegiaren irekiera urte luzez luzatu da.

Gauzak horrela, Josu Peña zinegotziak adierazi du gaurkoa “egun pozgarria” dela herriko jendearentzat. “Askotan esan dugu zahartze aktiboa berraktibatzea oso garrantzitsua zela, eta Udalera sartu ginenetik Kasino Zaharraren tabernaren irekiera beharrezkotzat jo genuen”. 

Hori dela eta, Abotsanitzetik azaldu dutenez, lehentasun gisa ezarri zen kontratazioa eta zerbitzua martxan jartzea eta 2024ko urte osoa baliatu da pleguak eta kontratazioa burutzeko. Gainera, esleipena urte amaieran egin bazen ere, 2025 honetan sinatu dira azken kontuak. Aldi berean, azken urte eta erdi honetan eraikina eta barruko ekipamendua berritu da, oso egoera txarrean baitzegoen. 

Belaunaldi ezberdinen arteko topagunea

Bestalde, taberna herriko belaunaldi ezberdinen arteko topagune izateko nahia agertu du zinegotziak, izan ere “herri guztiarentzat dago irekia”. 

Era berean, Maria Amada Sagarzazu tabernaren arduradunak bere poztazuna adierazi du: “Adinekoek merezi zutela uste dut, eta espero dugu herri guztia etortzea”. Nabarmendu behar da ordutegia 9.30etatik 20.30etara izango dela, eta asteazkenetan itxita egongo dela.