Usurbilgo Udalak Etxealdiko irisgarritasuna nabarmen hobetuko duten bi obra esleitu berri ditu, aste honetan jakitera eman duenez. Alde batetik, Kale Nagusia eta Etxealdia lotuko dituen igogailua eraikitzekoa eta bestetik, San Esteban kalea urbanizatzen amaitzekoa.
Aurreratu dutenez, datozen asteotan sinatuko dira bi kontratuak, eta, beraz, epe motzean jarriko dira biak martxan. Bi neurriok Udalak eta auzotarrek elkarlanean adostutako Etxealdiako Irisgarritasun Planean jasota daude.
Igogailua
Igogailuaren proiektuari dagokionez, Kale Nagusia 10 atariaren parean izango da sarbidea eta Etxealdiara jaitsiko da 12 metroko desnibela gaindituz. Beheko partean inguruarekin bat egingo duen eskailera eta begiratokiak izango ditu, gainera. Lur jabeekin akordioa lortu du Udalak, horretarako.
Proiektuan sartu da, baita ere, igogailuaren oina eta San Esteban 12 ataria modu irisgarrian lotuko duen aldapa bat eraikitzea.
Inbertsioa
Exekuzio proiektua Rehabite enpresak idatzi du, Kalezarko igogailua diseinatu duen berberak. Udazkenean egin da igogailua egiteko esleipen prozesua: lizitatzaile bakarra aurkeztu zen, Construcciones Urdinberri SL, eta hari esleitu zaizkio lanak, 773.722,61 euroan.
Esan bezala, otsail hasieran sinatuko da kontratua, eta aurreikuspenen arabera, zazpi hilabete beharko dituzte obrak egiteko.
Dirulaguntza
Udalak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza handi bat jaso du igogailua eraikitzeko, 370.000 eurokoa. Igogailuaren inbertsioa aurrerago egiteko asmoa zuen Udalak, baina dirulaguntza aitortu zitzaionez, aurreratzea erabaki zen. Dirulaguntzak, gainera, epeei lotutako zenbait baldintza ezartzen ditu: 2024ko azarorako martxan behar zuen obren esleipenak, eta 2025a amaitu baino lehen gauzatu behar dira obrak.
San Esteban kalea
Bestalde, San Esteban kalea egokitzen amaitzeko lanak ere esleitu dira, 210.164,58 euroan: Sasoi Eraikuntzak SL enpresak egingo ditu, alegia, kalearen goiko zatia egokitu zuen berberak.
Udaletik gogorazi dutenez, San Esteban kalea egokitzen amaitzeko lanak Euskal Trenbide Sareak (ETS) egiten ari den tren geltoki berriko lanek baldintzatuta daude.
Zubi berria tren geltokirako
Izan ere, zubi berria jarriko dute, lehengoa baino altuera handiagoan: hori dela eta, ETS-k bere zatia bukatu arte itxarotea erabaki zen, baliabideak modu arduratsuan erabiltzeari lehentasuna emanda. ETS-k lanak amaitu zain dago Udala, baina udaberri inguruan lanean hasteko aukera izango duela aurreikusten da.
Goiko zatian bezala, behekoan ere lur azpiko azpiegiturak berritzeko aprobetxatuko dituzte obrak. Lanak amaitutakoan, oinezkoek lehentasuna izango dute, irisgarritasuna bermatuta izango da, eta itxura bateratua izango du San Esteban kaleak, goitik behera. Aurreikuspenen arabera, bi hilabete beharko dira lanak gauzatzeko.
Ekipamendu berria
ETS-ren lanen ondorioz, Usurbilgo Udalak ekipamendu berri bat izango du kalearen beheko aldean, zubiaren oinarriaren altuera igota, espazio berri bat sortu baita azpian, biltegi gisa erabiltzeko. ETS zubitik auzoaren beheko eremura joateko eskailerak ere berri-tzen ari da.