Eusko Jaurlaritzak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin (HABE) duen lankidetza-hitzarmenaren luzapena adostu zuen astelehen honetan, EAEn bizi diren 16 urtetik gorako etorkinentzako euskarazko harrera-ikastaroak finantzatzeko. Etorkinen Harrera eta Integraziorako Zuzendaritzak 70.000 euro bideratuko ditu horretarako, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak proposatuta.
Immigrazioari eta Asiloari buruzko Kultura arteko VI. Planak oinarrizko printzipioen artean jasotzen du jatorri eta/edo nazionalitate atzerritarreko pertsonen artean euskara ikastea eta sustatzea.
Halaber, jatorri atzerritarreko pertsonak gizarteratzeko prozesuan ezinbesteko baldintza dela aipatzen du. Eta ez bakarrik prestakuntza- eta laneratze-prozesuen bideratzaile gisa, baita gizarte-elkarreraginerako eta ahalduntze pertsonalerako ezinbesteko elementu gisa ere, atzerritar jatorriko pertsonen gizarte-ingurunearen ezagutzan eta nagusitasunean.
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren eta euskararekin harremanik izan ez duten Europar Batasunetik kanpoko etorkinek euskara ikas dezaten sustatzea da hizkuntza-harrerako ikastaroen helburua. Horiek gauzatzeko, Etorkinen Harrera eta Integrazio Zuzendaritzak luzatu egingo du HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin indarrean dagoen hitzarmena, 2025ean zehar bermatuta egon dadin hizkuntza-harrerako ikastaroen eskaintza. Mota horretako lehen lankidetza-hitzarmena 2022ko ekainaren 9an sinatu, eta 2023ko amaieran berritu egin zuten.
Bestalde, Siriatik sei familia iritsi dira Euskadira azken egunotan, Auzolana III Babes Komunitarioko egitasmoaren edizio berrian parte hartzeko. Eredu horren bitartez, Estatura Acnuren eskutik iritsi diren errefuxiatuak hartzen ditu gure autonomia-erkidegoak, Espainiako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.
Martxan jarri zirenetik bost urte bete direnean, programak besoak luzatu dizkie berriro familia horiei, dagoeneko hirugarren edizioari ekinez. Harrera-eredu horretan, administrazio publikoek, gizarte-erakundeek eta gizarte zibilak, guztiek bat eginda, hartzen dute ekimena eta erantzukizuna, eta, aldi berean, herritarrei ere errefuxiatuak integratzeko prozesuan zuzenean parte hartzeko aukera eskaintzen zaie.
Dirulaguntzak
Hain zuzen ere, Bilboko Elizbarrutiko Caritasek, Gizarteratzeko Loiolaetxea elkarteak, Alboan fundazioak eta Ignacio Ellacuria Gizarte Fundazioak jasotzen dituzten dirulaguntzak luzatzea onartu zuen Jaurlaritzaren Kontseiluak, Auzolana izeneko egitasmo hau bere hirugarren edizioan garatzeko. Guztira, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailak ia 95.000 bideratuko ditu aipaturiko erakunde horietara.
Tokiko taldeak erreferentzia eta katalizatzaile izaten dira, sortzen diren loturak biderkatzen lagunduz. Lehenengo bi edizioetan hirurogei pertsona inguru hartu ziren Euskadin, hamar talde sortu zirelarik Gasteizen, Bilbon, Zallan, Arrigorriagan, Portugaleten, Donostian eta Tolosan.
Hirurogei boluntario inguru biltzen dituzten talde horiek diruz lagundutako erakundeak antola-tzen dituzte, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Egitasmo horrekin errefuxiatuen babeserako eskubidea bermatzetik harago joan nahi da, tokiko laguntza-sareak sorturik ingurune hurbileko laguntza eskainita.
Kopurua
70.000
Etorkinen Harrera eta Integraziorako Zuzendaritzak 70.000 euro bideratuko ditu etorkinak euskalduntzeko hitzarmena finantzatzeko.