Haraneko musika lokalen erabilera arautzeko udal ordenantza onartu zuen Usurbilgo Udalak azkeneko osoko bilkuran , hasieraz eta aho batez.
Herriko musika taldeek entseatu ahal izateko bi lokal daude Harane futbol zelaiaren instalazioetan, duela zenbait urtetatik. Ordenantzaren bidez, horiek erabiltzeko zenbait irizpide finkatu dira.
Irizpideak
Batetik, Udalak, urtero, hamasei talderi emango die horiek erabiltzeko baimena, zortzi talde lokal bakoitzeko: horretarako, urtero, izen-ematea egingo da, irailaren bigarren hamabostaldian.
Bestetik, erabiltzaileak baimentzeko puntuazio sistema bat finkatu da: taldeak modu kolektiboan aztertuta esleituko dira puntuak. Puntuazioan taldekideen errolda, adina, lokalarekiko duten antzinatasuna eta generoa hartuko dira kontuan. Lokalak erabiltzeko eskaera 16 taldek baino gehiagok egiten badute, itxaron zerrenda bat osatuko da baimena lortzen ez duten taldeekin.
Ordutegia
Entseguak egiteko ordutegia 8.00etatik 00.00etara izango da: musikariek ordutegi horretatik kanpo sartu edo ateratzeko malgutasuna izango dute, baina soilik zama lanak edo antzekoak egiteko.
Udalak talde bakoitzari instalazioen bi giltza sorta utziko dizkio eta horren truke talde bakoitzak 60 euroko bermea jarri beharko du, gerora giltzak itzuliko dituztela bermatzeko.
Horrez gain, Haraneko futbol zelaiko jarduna ahalik eta gutxien oztopatzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Arauen jarraipena
Lokalen erabilerarako jarraipen batzorde bat ere sortuko da, talde bakoitzeko ordezkariekin osatuta. Hiru hilabetean behin bilduko dira, lokalen erabilera aztertu eta, hala egokituz gero, neurri zuzentzaileak hartzeko.
Arau-hausteen mailaketa bat ere egin da: arinak, larriak zein oso larriak izan daitezke. Hautsitako arauen arabera ezarriko da bat edo beste. Isun ekonomikoak zein lokalak erabiltzeko debekua ezarri ahal izango dira.
Kultur aniztasuna
Udaletik azpimarratu dutenez, “ezaguna da Usurbil kultur anitz eta talde ezberdinek osatutako herria dela. Gazteen artean musika taldeek indar handia hartu dute azken urte hauetan”.
Hau praktikan jartzeko eta ikusita arazo ezberdinekin egiten dutela topo gazteek, Udalak erabaki zuen lehenengoz 2004an egungo haur eskolako lokaletan baimentzea jarduera eta gerora 2008an Harane futbol zelaieko instalazioetan bi lokal insonorizatu eta bertan entseatzeko tokia egokitu zuen.
2008tik Haranen
Gaur arte, eskatu bezala eman izan dira baimenak, tokia bete arte eta hasieran baimendutako taldeek egun, iraunkor maila batekin jarraitzen dute entseatzen.
Bitartean talde berriak sortzen joan dira eta lokal horiek erabiltzeko araurik ez dagoenez Udalak ezin die entseatzeko aukerarik eskaini eta gainera zaildu egiten du taldeen errotazioa bermatzea.
Ordenantzaren beharra
Ondorioz, orain Haraneko bi lokal hauen erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak eta funtzionamendua zehazteko beharrak bultzatuta adostu dute ordenantza. Erabakia GAOn argitaratzen denean, jendaurrean jarriko da, indarrean sartu aurretik. Alegaziorik ez bada, behin betiko onartuta geldituko da.