Ikasturte honetan kulturartekotasuna landuko dutela erabaki dute Lasarte-Oriako ikastetxeak, Ttakun kultur elkarteak eta Lasarte-Oriako Bizipoza taldeak. Elkarlanaren lehen fasean, kulturartekotasuna gaiaren inguruko informazioa jasotzea eta beste herrietan gai hau oinarri izanda egiten ari diren lanketak ezagutzea izan dute helburu.
Hau gauzatzeko, Lasarte-Oriako Borobilean elkarteak antolatutako Lasarte-Oria: Harrera herria? hitzaldia izan zen urriaren amaieran eta Bizipoza elkarteak antolatutako Bizipozatik arrazakeria deseraikitzen hitzaldia antolatu zen azaroan Usurbilen.
Mahai-ingurua
Hurrengo pausoa datorren astelehenean, abenduaren 9an Lasarte-Oriako hezkuntza arloko ordezkariekin eta kirol zein kultur arloko ordezkariekin burutuko den mahai-ingurua izango da. Saioa Antonio Mercero gunean 18.00etan hasiko da. Euskaraz izango da, baina itzulpen zerbitzua ere eskainiko da.
Herriko ikastetxeak (Sasoeta-Zumaburu, Garaikoetxea-Landaberri eta Oriarte BHI), Ttakun Kultur Elkartea, Ostadar SKT, Kumme elkartea, Kukuka antzerki eta dantza eskola eta Bizipoza elkartea bera izango dira gonbidatuak.
Elkarlana
“Gure herriko eragileen artean hitz egitea eta elkar entzutea ere garrantzitsua dela sentitzen dugu, gure herrian elkarrekin gai honen inguruan ditugun kezkak partekatzeko, elkarrekin zer egin dezakegun ikusteko….”, adierazi dute Bizipoza taldetik.
Hortaz, “ze behar ikusten ditugu gure herrian?, horren aurrean zer egiten ari gara?, zer egin nahi dugu?, zein baliabide behar ditugu egin nahi duguna egin ahal izateko? bezalako galderen inguruan elkar entzutea helburu izango du jardunaldiak”, azaldu dute.
Ibilbidea
Gogora ekarri dutenez, Lasarte-Orian, 2023-2024 ikasturtean elkarlana bideratzen hasi ziren herriko Bizipoza taldearen eta herriko ikastetxe guztien artean, Zipriztinduz programa eta leloaren bitartez.
Horiek horrela, Lasarte-Oriako Bizipoza taldean herriko elkarteetako pertsonak elkartu ziren eta gaur egun elkarrekin antolatzen dituzte ekimenak eta herriko beste eragileekin elkarlanean burutzen dituzte, gainera.
Baloreak gizarteratzen
Programa honi esker, Lasarte-Oriako elkarteetako pertsonen arteko ezagutza indartzen da eta herriko elkarteetako gaiak eta baloreak elkarrekin gizarteratzen dituzte herrian.
Lasarte-Oriako dinamika honetan beraz, herriko elkarteak dira ekimenen antolatzaile eta herriko eragileak bidelagun.
Koordinazioa
“Helburua guztion artean gai eta balore guzti hauek lantzea izan da, bidea elkarrekin eginez, elkar koordinatuta eta elkar aberasten”, azpimarratu dute Bizipozatik.
“Lehen ikasturtea izan da elkarlana bideratu duguna, eta esperientzia emankorra izan dela ikusita, datorren ikasturtean ere elkarlanean jarraitzeko asmoa dugu”, aurreratu dute.
Bizipoza Eskola
Joan den ikasturtean Bizipoza Eskola lantzen hasi ziren. Leire Elizegiren, Bizipoza elkartearen koordinatzailearen, hitzetan, “hezkuntza inklusiboaren beharrari” erantzutera dator proiektu hori, “denona eta denontzat izango den Euskal Herria eraikitzeko”.
Materiala
“Gai desberdinetan aritu eta adituak bildu eta eduki hauek guztiak biltzen duen webgune bat sortu dugu: gida didaktikoak, material osagarriak eta egutegia”, azaldu du Elizegik. Horri guztiari esker lantzen ari dira norbere buruaren ezagutza eta taldekidetasuna, genero rolak, identitatea eta transexualitatea, familia aniztasuna, sexu orientazioa, heriotza, aniztasun funtzionala eta beste hainbat alor.
Zabalduz
Material hori guztia hiru esparrutan landu dezakete erabiltzaileek: hezkuntza arautua, hezkuntza ez arautua eta herrigintza. Azken horretan Gipuzkoan badago eredu aipagarri bat: Lasarte-Oria. Hurrengo pausoa, herri honetan gauzatzen ari den lanketa beste herri batzuetara eramatea da.
Bizipoza
Bizipoza elkartea irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmo bat da eta urteak daramatza helburu honen alde lanean: “izaera bereziko gaiak” lantzen dituzten haur eta familien ongizatea bilatzen duten elkarteei (38 elkarte dira gaur egun) laguntza afektiboa eta materiala ematea.