Bildumaren, Errenteriako Udaleko aldizkariaren, 32. zenbakia aurkeztuko da datorren benduaren 4ean Joxepa Antoni Aranberri anitzenea eraikineko hirugarren solairuan, arratsaldeko 18.30ean. Aurkezpena euskaraz izango da eta aldibereko interpretazio zerbitzua eskainiko da, baita liburua banatu ere.

Ale monografiko honetan, 2022ko Koldo Mitxelena XVI. Ikerketa Bekaren lan irabazlea jasotzen da. Urte horretako ikerketa esparrua LGTBI+ kolektiboa izan zen. 

'Bilduma' udal aldizkariaren aurkezpena N.G.

Ikergaia

Sigla horiek izendatzen dute lesbianek, gayek, transgeneroek, transexualek, bisexualek, intersexualek, queer-ek eta +ean sartutako gainerako identitate eta orientazioek osatzen duten kolektiboa

Ikergaia izenburu zehatz eta aldi berean zabal horrekin definitzean, bidea zabalik utzi nahi zen LGTBI+ pertsonentzat edota LGTBI+ mugimenduarentzat interesgarri izan zitekeen giza eta gizarte zientzietako edozein ikuspegitatik egiteko ekarpena.

Hortaz, lan honetan, Uxue Diez Guiral, Maite Azabal Gallego, Ane Fernandez Trigo eta Aitor Narbarte Alvarez egileek #Kuirartxibobizia. Orereta-Errenteriako LGTBI+ memoria atontzen: Betirako dantzan gure lumatzan izeneko lana aurkeztuko dute.

Memoria kolektiboa

Bertan, egileek Errenteria zein Oarsoaldeko eskualdearen LGTBI+ memoria kolektiboa aztertu nahi izan dute #Kuirartxibobizia proiektuaren bidez. Ikerketaren xede nagusi izan da, beraz, etengabeko eraldaketan dagoen Errenteria eta Oarsoaldeko LGTBI+ komunitatearen memoria kolektibo bizia bildu eta horretan sakontzea

Kolektiboa osatzen duten pertsonak erdigunean jarri dira euren istorioak gizarte osoan zehar zabaltzeko helburuarekin. Zentzu honetan, herriko eta herriarekin harremana duten pertsona ezberdinen esperientziak batu dira. Aldi berean, proiektuan zehar belaunaldien arteko ikuspegia kontuan hartu da. Honela, parte-hartzaileen istorioak babestu, gorde eta zaindu nahi izan dira. Azkenik, euskarak testuinguruan duen inplikazioa aintzat hartu da eta hizkuntza gutxitua lanaren ardatz izan da.

Ikerketa beka

Errenteriako Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) laguntzarekin, euskarazko ikerketa bultzatzeko, emakumezkoen ikerketa sustatzeko, Errenteriaren inguruko ezagutza areagotzeko eta Koldo Mitxelena errenteriar filologoa omentzeko, honen izena duen ikerketa beka egiten du bi urtez behin

Aipatu bezala, 2022ko Koldo Mitxelena Ikerketa Beka (15.000 euroko kopuruarekin hornituta) #Kuirartxibobizia: Orereta-Errenteriako LGTBI+ memoria eraikitzen proiektuari eman zitzaion, 18 hilabeteetan garatzeko.

Epai-mahaia

Epai-mahai kalifikatzailea osatu dute: Iñaki Queralt Coira eta Itsaso Cruz Etxeberria Artxibo eta Argitalpen zinegotziak, Leonor García Vázquez Artxibo teknikaria eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) izendatutako hiru adituak: Miren Guillo Arakistain (EHU/UPV), Joseba Gabilondo Marques (Hiruki Larroxa Koop.) eta Gidor Bilbao Telletxea (UEU)