Trantsizio garaian, 70eko eta 80ko hamarkadetan, hil zituzten astigartarrei buruzko dokumentala aurkeztu du Astigarragako Udalak aste honetan: Orbanen egia.
Ikus-entzunezkoak Joseba Barandiaran Urkola (1979ko uztailaren 11an eraila), Tomas Alba Irazusta (1979ko irailaren 28an eraila), Bixente Perurena Telletxea (1984ko otsailaren 8an eraila) eta Agustin Irazustabarrena Urruzola Legra (1985eko irailaren 25ean eraila) astigartarren hilketak azalaratzen ditu; egiarako bidean, biktimen familiartekoei hitza emanez.
Elkarrizketak
Horietaz gain, gaian adituek direnen parte-hartzea ere badu dokumentalak: Javi Buces Cabello (Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea eta historialaria), Sabino Cuadra Lasarte (San Fermines-78 gogoan! taldeko kidea) eta Pilar Garaialde (Egiari Zor elkarteko kidea).
Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen Sailak diruz lagundu du ikus-entzunezkoaren ekoizpena.
Bi emanaldi
Unai Alberdi Olaziregi eta Eneritz Aulestia Mutiozabalen zuzendaritzapean, ikus-entzunezkoak ordubete eta 10 minutuko iraupena du eta euskaraz grabatuta dago, gaztelaniazko azpitituluekin. Dokumentalaren bi emanaldi egongo dira eta biak Erriberako antzokian izango dira. Lehen emanaldia abenduaren 13an izango da eta bigarrena, abenduaren 15ean. Biak 19.00etan hasiko dira. Egileekin ere solasaldia egiteko aukera egongo da.
Nahiz eta sarrera doakoa izan, beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea. Hauek udal webgunean eta Erriberako leihatilan lor daitezke.
Zikloa itxi
“Justizia, erreparazioa eta egiarako eskubidea oinarri hartuta, iaz Astigarragako Udalak Orri zuriak betetzen dokumentala aurkeztu zuen, bertan Gerra Zibilaren biktimei egiten zitzaien aitortza. Formatu berri honek ikusmina piztu zuen herrian eta pentsatu genuen bigarren lan honekin, trantsizio garaiko biktimekin, beste dokumental bat egitea zikloari amaiera emateko”, azaldu zuen aurkezpenean Xabier Urdangarinek, Astigarragako alkateak.
Testigantzak
Dokumentalaren egileek eskerrak eman zizkieten, batez ere, lanean parte hartu duten senitartekoei: “Dokumental honetan esango nuke, inoiz baino gehiago, pisu gehien duena eta gauzarik potenteena da testigantza zuzenak ditugula. Erailketa hauek ez zaizkigu hain urruti geratzen, hortaz dauzkagu eraildakoaren semeak, alargunak, lagunak, anaiak... oso eskuzabalak izan dira berriz oroitu behar izan dutelako kapitulu hori eta berriz zauriak ireki”. Gainera, lan honetan eraildako horien bizitza ezagutzeko aukera emango da: etxean nolakoak ziren, zein lan zeukaten, zein ziren bere zaletasunak... Honenbestez, enpatia lantzea errazagoa izango da.
Memoria historikoa
Udalatik aditzera eman zutenez, dokumental honekin “Astigarragako memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin beste urrats bat eman du Astigarragako Udalak”. “Iraganean, Astigarragan, motibazio politikoak eragindako indarkeria egoera gordinak bizi izan dira eta guztiek ondorio bera izan dute, sufrimendu eta min sakona herritarren artean”, esan zuten.
Dagoeneko ikusgai dago dokumentalaren trailerra Youtuben.