Gipuzkoako herri askotan Euskararen Eguna ospatuko dute astearte honetan. Zarauzko Udalak egun honen baitan ekitaldi ugari antolatu zituen eta hainbat ekintza burutu dira jada. Ekimen hauetako batzuk herrira zabalik egon dira eta beste batzuk, aldiz, Zarauzko ikastetxeetan gauzatu dira ikasleekin. 

Urtero bezala, Pegatina eta Bideo Lehiaketak egin dituzte. Horrez gain, ikasleek hainbat jardueretan hartuko dute parte: Durangoko azokara irteera egingo dute, Goazen Antzerkira joango dira Bi izar jaio dira emanaldia ikustera. Eñaut Elorrieta eta Mikel Markezen Euskal musikagintzaren historia hitzaldian egongo dira. Azkenik, Apaxi ipuin kontalariarekin egongo dira eta Bizkarsoro filmaren ikustaldian parte hartuko dute.

Zarauztarrei begira, hiru jarduera antolatu dituzte Zarauzko Euskara departamentutik. Lehena, ostiralean egin zuten, izan ere, Modelo Aretoan Bertso klown saioa izan zen arratsaldeko 20.00etatik aurrera. Bertan Klown lanetan ibili zen Beatriz Egizabal eta Andoni Egaña, Iñigo Mantzizidor eta Libe Goenaga bertsotan aritu ziren. 

Astelehen honetan erromeria Musika Plazan

Astelehen honetan, arratsaldeko 18.00etatik 20.00etara, Eingo erromeria taldearen emanaldia izango da Musika Plazan. Egitarau zabal honi amaiera emateko, abenduaren 26an literatura emanaldi musikatua izango da Modelo Aretoan Kirmen Uriberen eskutik. 

“Azken hamarkadetan euskara mantentzeko eta zabaltzeko gai izan bagara, aurrerantzean ere horretan jarraitzeko bizi-indarra izango dugu. Olatu berria sortzeko unea orain da, eta olatu horren eragile izango da Zarauzko Udala. Erantzunkizuna eta konpromisoa hartzen dugu olatu berria sortzeko, eta zarauztarrei deia egiten diegu erronka honetan zehar bidelagun izateko”, adierazi zuen Euskara zinegotziak, Irune Urbieta (EAJ-PNV).  

Lehiaketen sari banaketak

Aurten ere Euskararen Egunaren baitan antolatzen den Pegatina eta Bideo Lehiaketaren beste edizio bat antolatu dute. Sari banaketa ostiralean burutu zen, Euskararen Eguneko egitarauaren aurkezpenaren baitan, eta hurrengo hauek izan ziren garaile eta sarituak.

Bideo lehiaketaren lehen saria Noa Cedrónek, Nora Arangurenek eta Lukas Prietok irabazi zuten. 200 euroko txartela eskuratu zuten Murkileko dendetan erabiltzeko. Bigarren sariaren irabazleak Araitz Agote, June Mendizabal, June Díaz eta Imanol Izeta izan ziren. Hauen saria 150 euroko txartela izan zen Murkileko dendetan erabiltzeko. Azkenik, hirugarren saria Klara Larrañaga, Samia Astiazaranek, Amane Grijalbak, Inge Olaizolak, Maren Etxanizek eta Libe Aristik irabazi zuten. 100 euroko txartela eskuratu zuten Murkileko dendetan gastatzeko.

Bestalde, Euskararen Eguneko pegatina lehiaketaren irabazleak hurrengoak izan ziren. Lehen saria Elene Muruak lortu zuen eta 100 euroko txartela eman zioten Murkileko dendetan gastatzeko. Bigarren saria Lier Estebanentzat izan zen eta 75 euroko txartela irabazi zuen Murkileko dendetan gastatzeko. Azkenik, hirugarren saria Maria Muñozek irabazi zuen eta bere saria 50 euroko txartela izan zen Murkileko dendetan gastatzeko. Informazio gehiago lor daiteke Zarauzko Udalaren webgunean.