Elikaduraren garrantzian arreta jarri eta tokiko elikadura jasangarriaren erronkari heltzeko beharra ikusita, herritar talde batek Oñatiko Elikadura Mahaia sortzeko ekimena martxan jarri du. "Erronka honek baditu hainbat erronka bere barruan. Guztiak dira garrantzitsuak. Tokikoa izatea, agroekologikoa, osasuntsua, duina, kontzientziaz landurikoa, iraunkorra…. Hausnarketa eta erronka horiekin batu gara hainbat herritar azken hilabeteetan Oñatiko Udalaren bide-laguntzarekin. Eta, orain, uste dugu urrats berria egiteko unea dela, hausnartzeko gaiak herriratzekoa, sentsibilizazioan eragitekoa, saretzekoa, zerbait sortzekoa...", azaldu zuten astearte iluntzean kultur etxean egindako agerraldian.
Proiektu hori abian jartzeko, elikaduraren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte abendurako. "Herrian badago elikaduraren inguruko kezkak dituzten bizilagunak, erpin asko dituen gaia da eta. Jardunaldi hauek interesgarriak izan daitezke herritar horiek erakartzeko eta adierazteko elikadura mahaia sortzera goazela, eta proiektu honetan ondoan nahi ditugula", azpimarratu zuten.
Hainbat adituk parte hartuko dute
Hiru hitzaldi antolatu dituzte, bi astetan banatuta. Horiek guztiak, 18.30ean izango dira, kultura etxean:
- Abenduaren 11n, asteazkenean, Agroekologia eta etxeko ortua hitzaldia eskainiko du Jakoba Errekondo Saltsamendi agronomo eta paisajistak.
- Abenduaren 17an, asteartean, 'Kapaz al gara garaian garaiko elikagaiekin bizitzeko? Garaian garaikoaren garrantzia eta trantsiziorako alternatibak' saioa gidatuko dute Amaia Diaz de Monasterioguren Osinaga eta Andrea Larrea Garcia dietista eta nutrizionista oñatiarrek.
- Abenduaren 18an, asteazkenean, 'Tokiko elikadura jasangarria. Gaurko eta etorkizuneko erronkak' mahai-ingurua egingo dute. Bergarako Ereindajan denda-topaguneko Ainhoa Narbaiza Irizar, Eskubaratz ekoizle taldeko Asier Garai Zabaleta eta Oñatiko Mauxka jatetxeko sukaldari Agus Otxoa-Aizpurua Calvo izango dira protagonista.
“Hasia dugun bide hau ez da jardunaldiekin bukatzen. Emango diren pauso berrien aurrekoa izango da, eta ez edonolakoa, pauso esanguratsuak aurreikusten baitira 2025era begira. Asmoa da urtarrilean tokiko elikadura jasangarriaren bueltan talde egonkor bat sortzea, irekia eta iraunkurra”, nabarmendu zuten.