Zumarragako aurrekontua iazkoa baino %3,28 handiagoa da 2025an. Alderdi guztien aldeko botoarekin, Zumarragako Udalak 14.582.000 euroko aurrekontua onartu du.

Udalak 500.000 euro bideratuko ditu inbertsioetara. Inbertsio nagusia 300.000 eurokoa izango da. Diru horrekin Eitza auzoaren atzealdea txukunduko dute: erreka azalera atera eta parke handi bat egingo dute. Beste 100.000 euro Urolako geltokia txukuntzeko erabiliko dituzte. Geltokiko auzoko bizilagunei zuzendutako gizarte zentro bat egingo dute bertan.

PSE-EEko Rosa Maizak aurrekontuan jasotako beste egitasmo batzuk ere azpimarratu zituen: Tokiko Energia Komunitatearentzako auto elektrikoa eta bateriak (hala energia gorde ahal izango dute eta gutxiago ordainduko dute oraindik energiagatik) eta gazteentzako bonuak (gainera, beraien kontsumo ohiturak aztertuko dituzte beraiengana heltzeko). “Gobernu taldeak (PSE-EE eta EAJ) EH Bildurekin akordioa lortu du eta hori oso positiboa da”, esan zuen.

EAJko Josu Idigorasek ere akordio horren garrantzia azpimarratu zuen. “Azken 14 urteetan lortu ez den gauza bat lortu dugu: aurrekontuak aho batez onartzea. Dena den, garrantzitsuena ez da aurrekontuak nola onartu diren, baizik eta zertarako. Gobernantza kolaboratiboa ezarri nahi dugu eta herritarren parte hartzea bultzatu. Elkarrekin urrutirago iritsiko gara. Legealdi plana landu dugu eta gobernuko bi alderdiok aurki aurkeztuko dugu. Nahiz eta gobernuak gehiengoa duen, adostasunetara heldu nahi dugu”.

EH Bilduko Aritz Elgarresta ere pozik azaldu zen. “Aurreko urteetan akordiorako gogorik ez zegoela esan dugu eta aurten kontrakoa esan beharra dugu. Lan giro ona izan dugu. Azalpenak eman dizkigute eta dinamika normala lortu dugu. Herritarrek ez lukete talka ulertuko. Gainera, nahiz eta lan giro ona izan, posible izango litzateke akordio batera ez heltzea. Baina lortu dugu, ordea. Horretarako, denok eskaera batzuk alde batera utzi behar izan ditugu. Alderdi guztiak eskuzabalak izan gara eskatzeko eta emateko orduan”. Bidean hainbat proposamen gelditu direla onartu zuen. “Urretxurekin egin beharreko elkarlanarekin lotutakoak, adibidez.

Mikel Serrano alkateak orain arte egindako lana goraipatu zuen. “Orain arte akordioetara heldu ez izanak ez du esan nahi ezer egin ez denik. Zumarragako egoera ekonomikoa txarra dela esaten da, baina Zumarragak hiri handiagoek eskaintzen dituzten zerbitzuak eskaintzen ditu. Arcelor itxi zenetik, urtero 1,6 milioi gutxiago dugu, baina zerbitzuak eskaintzen jarraitzen dugu. 1990eko hamarkadan Zumarragako Udalak porrot egin zuen eta orduan ez zegoen PSE-EE gobernuan. Guk beti zuhurtziaz jokatu dugu. Inurriek bezala lan eginez, Eitzan lursailak lortu ditugu eta horri esker Eusko Jaurlaritzak 108 etxebizitza egitea lortu dugu. Eta 2007tik gaurdaino 60 milioi baino gehiago inbertitu dira Zumarragan. Bestalde, Aritzek aipatu dituen sei gaietatik lau dagoeneko martxan zeuden”.

Bi udalen arteko elkarlanaz ere hitz egin zuen. “Legazpirekin akordioa dugu, bi herrietako bizilagunek bi herrietako kirol instalazioak erabiltzeko. Oso ondo funtzionatzen du gainera. Urretxuk gaia landu beharra zuela esan zuen. Beraiek dira bat egin behar dutenak”. Bukatzeko, alderdiek aurrekontuen inguruko bileretan izandako jarrera txalotu zuen