Elikadura burujabetzara iristeko urratsak egiten joateko, Hernaniko Udalak bertako ekoizpena sustatzeko politika publikoak ezinbestekoak direla uste du, lehenengo sektorearen krisi larria den honetan, .
Horregatik, aurrera begira hartu beharreko urratsak hobeto finkatzeko, sektorearen argazkia ahalik eta zehatzena egiteko, lehen sektorearen diagnostikoa egin du Hernaniko Udalak, eta hainbat ondorio atera ditu azterketa horretatik.
Aurkezpena
Aste honetan lehenengo sektoreko eragileen aurrean aurkeztutako diagnostikoaren arabera, “era profesionalean salmenta bidea egonkortuta izan arren, inbertsioak eginak eta lanpostuak sortuak; etxeko transmisioa ez da bermatzen”. “Gaia delikatua izanik, estrategiak lantzea garrantzitsua da egoera horri erantzuteko”, adierazi dute Udaletik.
Baserrietan etxekoen laguntza izaten ohi du ustiategiko titularrak gehienetan, jarduera aurrera ateratzeko modu gisa. Ustiategi profesionaletan uzta sasoia iristen denean, kontratazioak egin ohi dituzte. Horretarako, baina, zailtasunak izaten dituztela aitortu dute.
Nekazaritza eta abeltzaintza
Hernanin nekazaritzan eta abeltzaintzan ari direnen %56 jarduera profesionalean ari dira, eta gainerakoak, berriz, ez profesionalean. Sektorean jardun osoz ari ez direnek badute zeresanik lurraren kudeaketan, bereziki ganaduzaleek, eurak baitira bost hektarea baino gehiago duten eremu gehien kudeatzen dutenak. Beraz, sektoreko lur azalera gehien kudeatzen dutenak (%39) ez dira profesionalak, eta haragitarako behiak izaten dituzte gehienetan. Aldiz, baratza dutenak bai dira profesionalak, eta %22k bat eta hiru hektarea artean kudeatzen dituzte, eta %22k hektarea bat baino gutxiago.
Azokak
Ekoizpen konbentzionala da gehien erabiltzen dena, bai baratzetan eta baita haragiaren sektorean ere. Horrek gogoeta eskatzen du trantsizio ekologikoaren bidearen ereduari buruz, diagnostikoaren arabera.
Nekazari produktuen komertzializazioari dagokionez, azoken eta salmenta zuzenaren bidez merkaturatzen dira produktuen %40 inguru, gehienak baratzekoak. Bitartekarien bidez saltzen da ekoitzitakoaren %27,6 Hernanin, eta denden bidez %8,2.
Hernani burujabe
Horiek horrela, Hernaniko Udalak gogorazi duenez, besteak beste, elikaduraren burujabetza sustatzeko, Hernani Burujabe proiektu estrategikoa sortu zen.
Hernani Burujaberen berri duten lehen sektoreko kideak erdiak dira, eta elikadura mahaian egiten ari den lanari balioa emateaz gain, interes gehien non ikusten duten ere erantzun dute: %40k Bertatik Elikatuz transformazio zentroa jo dute interes handienekotzat. %23,2k, berriz, Herrilur salmenta zentroa. %17k inbertsioetarako laguntzekin agertu dute interes gehien, eta %10ek, berriz, Henase nekazarien kooperatibarekin. %6k elikadura mahaiak eman dezakeen aholkularitza jo dute beharrezkoen, eta %3k nekazaritza eskola.
Diagnostikoa egiteko sektoreko 37 ekoizle elkarrizketatu ditu Udalak. Aktibitateren bat martxan dutenen heren bat 65 urtetik gorakoek osatzen dute, eta erdiak 40 eta 65 urte artekoak dira. Soilik %19 dira 40 urtetik beherakoak.