Idiazabalgo Udalak, lehenengo aldiz, erosketa-bonuen kanpaina abiaraziko du. Helburua herriko merkataritza eta zerbitzu sektorea suspertzea da. 500 bonu jarriko dira salgai, eta azaroaren 20tik 27ra bitartean erosi ahalko dira.

Bonuek 40 euroko erosketa-balioa izango dute eta bost euroko zortzi txarteletan banatuta eskainiko dira. Herritarrek 20 euro ordaindu beharko dituzte bonuak eskuratzeko, eta bonuen balioaren erdia Udalak finantziatuko du. Udalak 10.000 euro bideratuko ditu kanpaina honetara.

Herritar bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu gehienez, eta NAN zenbakia aurkeztu beharko da erosketa burutzeko. Beste norbaiten izenean bonuak erostea ere posible izango da; horretarako, beste pertsonaren NAN zenbakia aurkeztu beharko da.

Bonuak Idiazabalgo udaletxean eskuratu ahalko dira, azaroaren 20 eta 21ean, 10.30etatik 12.30era eta 16.00etatik 19.00etara; eta azaroaren 27ra bitartean, 10.30etatik 12.30era. Txartel bidez soilik erosi ahalko dira. Bestalde, bonuak ezin izango dira dirutan trukatu, eta ez da eskudirurik itzuliko.

Erosketa-bonuen kanpaina azaroaren 20an hasiko da eta urtarrilaren 4ra arte luzatuko da. Guztira, herriko 14 komertziok parte hartuko dute kanpainan, eta azaritxoaren irudiarekin identifikatu ahal izango dira establezimendu parte-hartzaileak.