Zumarraga – Kantari gaztetxoen artean euskarazko kantak sustatzeko ikuskizuna da. Helburua neska-mutikoek euskal kantak abesten eta dantzatzen ondo pasatzea da. Neska-mutikoek, taldeka, euskarazko kantu bat ikasi behar dute, eredu moduan erakutsitako koreografia entseatu edo berri bat prestatu eta eszenatoki gainean abestu eta dantzatu, publikoa eta telebista aurrean dituztela.
Urretxu eta Zumarragako emanaldia Zelai Arizti aretoan izango da, 16.00etan. Nahi duten guztiek emanaldia zuzenean gozatzeko aukera izango dute (beteko balitz, gurasoek lehentasuna izango lukete). Goierri Telebistak zuzenean emango du bere webgunean. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak emanaldiko argazki galeria jasoko du eta baita parte hartu duen saioko bideoa ere.
Gaztetxoek asteak daramatzate larunbateko emanaldia prestatzen. Hiru, lau edo bost laguneko taldeetan parte hartuko dute eta talde bakoitzak euskal kantu bat eskainiko du. En Tol Sarmiento, Gatibu, Nogen, Huntza, Vendetta, Betagarri eta Ze Esatek! taldeen kantuak abestuko dituzte, besteak beste. Bost txandatan abestuko dute. Txandak 16.00etan, 16.50ean, 17.40ean, 18.30ean eta 19.20ean hasiko dira. Beñat Arizabaleta izango da aurkezlea.
Kantariren helburu nagusiak haur eta gazteek euskaraz ondo pasatzea, harreman berriak euskaraz sortzea, euskal kultura susta-tzea, haur eta gaztetxoei ikuskizun batean parte hartzeko aukera ematea, familia transmisioan eta euskararen sozializazioan eragitea, eskola ezberdinetako haurrek elkarrekin parte-hartzea eta eragile ezberdinen (komunikabideak, ikastetxeak eta udalak) elkarlana sustatzea da. Egitasmo hau Goiena komunikazio taldeak gidatzen du eta udalen laguntza du.
Kantarin parte hartuko duten haurrak ez dira gaur dantza egingo duten bakarrak. Izan ere, Irrintzi dantza taldeak Irrintzi Eguna ospatuko du. 11.00etan haurrentzako dantza ikastaroa eskainiko dute. 12.00etan larrain dantza erraldoia egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan. Ondoren, hamaiketakoa izango da bertan eta jarraian trikipoteoa Urretxu eta Zumarragako kaleetan. 14.30ean Zelai Arizti parkeko karpan bazkalduko dute. Bazkalostean bingoa egongo da. 17.30ean Ustekabe txarangarekin kalejira egingo dute eta 20.00etan Laket Erromeriak Zumarragako Euskadi plazan joko du. Eguna amaitzeko, 22.00etatik gauerdira Dj Ikaztegietarekin dantzatuko dute.