Joserra Fatxado sanpedrotarrak betidanik sentitu du antzerkirako pasioa, baina hasiera batean Magisteritza ikasi zuen eta ikasle bezala ere aritu zen, bere amari disgustu bat ez emateko. Alabaina, antzerkiaz bizitzea posible zela ikusi zuenean, bitan pentsatu gabe ogibidea aldatu zuen.
Omenaldia jaso zenuen lehengo astean Donibanen Umorezko Antzerki Jardunaldien baitan.
Bai, tranpa egin zidaten. Nik ez nekien omenaldi bat egin behar zidatenik. Niri gauza horiek ez zaizkit gehiegi gustatzen. Hunkigarria izan zen, baina niretzat ere oso garrantzitsua izan zen aretoa beteta zegoela ikustea eta ikusleen parte-hartzailetza. Niri bakarrik atera-tzen zait eskerrak besteei ematea oso zoriontsua izan naizelako.
Eta erretiroa hartzen duzunean, zer egingo duzu?
Nire ondokoek eta ikasle zaharrenek ez dute sinisten jubilatu egingo naizenik, beti oso aktiboa ikusi nautelako. Nik ere, egia esan, barrutik sentitzen dut ez dudala antzerkia erabat utziko, era batera edo bestera antzerkiarekin lotuta egongo naiz beti, nire pasioa izan delako eta zaila da bat-batean uztea. Baina nahi dut frenatu eta bizitzako etapa berri honetan neure burua kokatu.
“Antzerkia nire pasioa da eta niri bakarrik besteei eskerrak ematea ateratzen zait urte guzti hauetan oso zoriontsua izan naizelako”
Noiz izango da Tomaxen azkeneko abentura?
Tomaxen Abenturak proiektua, Oihana Maritorenarekin, asko gozatu dut. Hamar bat emanaldi geldi-tzen zaizkigu, horietatik berezia izango da Donostiako Antzoki Zaharrean eskainiko dugun emanaldia abenduaren 29an. Pentsatzen genuen hau azkena izango zela, baina Zumaiatik deitu gaituzte 30ean emanaldi bat egiteko. Gero frenatu egingo dugu. Aurten 50 emanaldi eman ditugu.
Zer suposatu du zuretzat Tomaxen paperak?
Pailazoarena egitea munduan dagoen gauzarik politena da, oso esker onekoa da.
Ez al da zaila jendearen barra lortzea?
Pailazoaren aldetik errazagoa da, oso inozentea delako. Gainera, nik Oihanarekin egin dudan konbinazioa mortala da. Oihana oso azkarra eta langilea da, guapa gainera; baina sudur gorriarekin ez zuen jotzen. Orduan aurpegi txuri pailazoa egiteko proposatu nion.
Zenbat pailazo mota daude?
Hiru daude. Aurpegi txuri izango lirateke Takolo edo Txirri, pixka bat ordena, inteligentzia irudikatzen duena; gero daude lehenengo augustoa, Pirritx edo Mirri, eta bigarren augustoa, Porrotx edo Txiribiton, oraindik inozenteagoak. Orduan, gure bikotean Oihana aurpegi txuri da eta ez du sudurrik eramaten, ez du klown egiten eta ni, Tomax, super inozentea naiz, bigarren augustoa naiz eta grina handia dut gauzak egiteko. Klown bat ume txiki bat da. Eta konbinazio hori izugarri ona da.
Jarraitzale asko dituzue, ezta?
Txikiak gehiago Oihanarekin identifikatzen dira, Tomaxek garrasiak eta oihuak botatzen dituelako. Eta gehienek Muxirekin atera nahi dute argazkia eta ni txoriflauta bat bezala gelditzen naiz.
“Nik duela 35 urte Zurriola Antzerki Eskola bultzatu nuen eta euskarazko antzerki eskola erreferentean bihurtu da”
Badaukazu beste pasio bat: Zurriola antzerki eskola.
Nik duela 35 urte bultzatu nuen; nire bihotzaren beste aldea da. An-tzerki eskola erreferentean bihurtu da. Asko eman dit eta nik beti esaten dut dakidan guztia nire ikasleek erakutsi didatela. Formakuntzak egin ditut, baina beraiek erakutsi didate ia dakidan guztia.
Eta zein da zure ikasleek zurekin ikasi duten gauzarik garrantzitsuena?
Nik beti esaten diet ezin dela sortu maitasunik gabe, bestela profesio hau utzi behar duzu. Nik bakarrik gogoa eskatzen diet; gogoa daukazunean arazo guztiak gainditzen dira. Antzerkirako guztiok balio dugu. Antzerkia joko bat da.
Zenbat talde eta zein urtetako ikasleak dituzu?
Bederatzi urtetatik dauzkat ikasleak, gazteak, gero helduagoak eta azkenik haien amak. Hauekin lehengo astean Bernarda Albaren Etxea estreinatu genuen klown estiloan kriston arrakastarekin. Aurten lau talde amateur ditugu eta iaz bost genituen.
Zein izan da Zurriola antzerki eskolaren bilakaera?
Hasieratik oso argi izan genuen an-tzerkia euskaraz egin behar genuela. Gu hasi ginenean ez zegoen euskarazko lanik, gurasoek egite zituzten itzulpenak, eta gaur egun ere lan gutxi daude. Hala ere, orain oso eskola potentea gara eta an-tzerkia euskaraz egin nahi baduzu, Donostia erreferente batean bihurtu da. Antzerkia euskaraz egin nahi baduzu Zurriolan beti izango duzu tokia, eskarmentu handiko profesionalekin. Donostiako Udalak Hiritartasun Domina eman zigun eta hori mugarri bat izan zen guretzat, indar asko eta eman zigun.