Milaka eta milaka euskaltzale bildu dira gaur Azpeitian "Izpiz izpi" lelopean Ikasberri Ikastolak antolatutako Kilometroak 2024ak erakarrita. Giroa ikaragarria izan da goizeko lehen orduetatik arratsaldera arteko ibilbidean, beste behin ere Gipuzkoako ikastolen jaiak duen indarra erakutsiz.

Irekiera ofiziala Ikasberri Ikastolan egin da, 10:00etan. Skapaie txarangak hasiera eman dio ekitaldiari "Izpiz izpi" abestiarekin. Ondoren, Igor Aranbarri Azpeitiko Ikasberri Kooperatibako Kontseilu Errektoreko lehendakariak hartu du hitza. Aurtengo Kilometroak jaiaren hiru ardatzei jarraituz (euskara, kulturartekotasuna, aniztasuna eta paisaia) urtean zehar egindako lana goraipatu du Aranbarrik, baina adierazi du bidea ez dela gaur Azpeitian bizi izan den jai egunarekin amaitzen. "Gure nahia aurtengo Kilometroan hasitako bidean jarraitzea da. Eguzkiloreak, jai honen sinboloak, argiztatzen jarraitzea nahi dugu, gure ardatzak etengabe mugitzen jarrai dezaten. Eta horretarako, ikasturte osoan erein dugun hazia ernetzeko baldintza egokiak sortzea da gure hurrengo erronka ".

Begoña Pedrosa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua, azpimarratu du Kilometroak 24ko ikurra den eguzkilorearen hiru ardatzek (euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza) duten garrantzia Euskal Herriaren izaera indartuz. “Argi izpiek kemen eta indarrra eman beharko digute ikasle eta familia guzti-guztien atxikimendua lortzeko. Ikastetxeetatik abiatuz herrigintza eragitea egokituko dugu. Horretan, euskal curriculumaren lanketa ez ezik, hizkuntza proiektu sendoak, irakasleen prestakuntza eta ikasleen aniztasuna lantzea egokitzeko beharrean sakondu behar dugu. Euskara hizkuntza bat baino gehiago dela adieraziz, munduan izan eta bizitzeko modu berezi bat hezkuntza sistemak landu behar duena”.

Bertsolaritzak ere bere tartea izan du Kilometroak 24ko irekiera ofizialean. Imanol Lazkanok, Ikasberri Ikastolaren sorburuan laguntzailea, eta Joanes Azpillagak, Ikasberri Ikastolako ikaslea, bertso saio labur bat eskaini dute Eider Mendozak, Gipuzkoako Ahaldun nagusiak, hitza hartu aurretik. Mendozak ere ez du galdu aukera balorean jartzeko Azpeitiko Kilometroaren kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza bultzatzearen aldeko mezua. “Euskara da elementu bat aniztasuna eta herrigintza jasotzen dituena. Euskara ezinbesteko da integrazioarko baina jai dugu herri bezala euskara ez badugu babesten. Eguzkilore aukeratu duzue hiru ideia horrek irudikatzearren. Eguzkiloreak babesten du etxea, babesten du baserria, baina etxean bakarrik geratzen den eguzkilorea, mendian ez dagoena eta naturan ez dagoena, lehortu egiten da, eta berdin gertatuko da euskararekin ez badugu babesten eta ez badugu etxetik ateratzen”.

Alaitz Perez de Arenazak, Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariak, gizarteak bere osotasunean bizitzen ari den aldaketa azkarrei zelan erantzun diezaiokeen ikastolen komunitateak mahai gainean jarri zuen. “Oso erritmo azkarrean bizi den gizarte globalizatu eta postmodernoa gara. Kontsumo eta harreman ohitura gero eta berdinagoak ditugu, ingurune digitala gure harreman-bizitzaren alderdi indartsu bihurtu da, eta indibidualizazio prozesuek ez dute etenik. Egoera horretan, ikastolen balioetan oinarritzen den ekarpen eraikitzaileak egitearen aldeko apustua egin behar dugu, euskaratik eta euskaraz. Eta horretan garela, Euskal Autonomia Erkidegoan onartu berri den Hezkuntza Lege berriaren testuinguruan eragile aktibo izatea dagokigu”. Azpeitiak eta bertako ikastolak ere XXI mendeko erronkei erantzuteko eginahalak egin behar dituela narbarmendu du Alaitz Perez de Arenazak. “Euskaratik kulturarteko hezkuntza eta harremanak eraikitzea ezinbesteko erronka bihurtu da. Azpeitian eta eskualdean, kultur eta jatorri desberdinetako jendea bizi zarete, eta non gauden ahaztu gabe, eta euskaraz, baina inor bidean utzi gabe, elkarri entzunez, lagunduz eta elkarrekiko errespetua landuz eraldatuko dugu gizartea. Berdin, aniztasunarekin ere. Ezberdinon arteko harremanak aitortu eta sustatuz berrituko gara”.

Ondoren, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Ikasberri Ikastolan bildu direnen lehen omenaldia jaso dute. Eguzkilorearen ikurra eman die Ikasberri Ikastolak eta pailasoek partekatu nahi izan dute hainbeste urteetan bidelagun izan duten Josu Txapartegirekin, 'Txapas'. Ondoren, kalejiran abiatu dira, musikariez lagundurik, Azoka plazaraino eta han jarraipena eman diote omenaldiari aurreskua dantzatuz, beraiena den 'Katu bi' abestiarekin.