2025eko Kilometroak antolatuko duen ikastolaren ordezkariei lekukoa ematea gauzatu da azoka plazan. Jon Lizarralde Muriamendiaraz Elgoibar Ikastolako lehendakariak jaso du lekukoa, Elgoibarrek izango bait du datorren urtean Gipuzkoako Ikastolen jai egun handia antolatzeko ardura, 1996. urtean egin zuen bezala.

Irekiera ofiziala eta lekukoen entrega egiten ziren bitartean, ibilbidea eta jai guneak jendez bete dira goizak aurrera egin ahala. Kilometroen tamainako festa bat antolatzea ezinezkoa litzateke boluntarioek egiten duten lanik gabe. Beste behin ere, Azpeitiko herriak ikastolen eta euskararen aldeko konpromisoa erakutsi du, eta mila bat herritarrek boluntario gisa parte hartu dute Gipuzkoako ikastolen jaian, hainbat lan eginez (Azpeititik kanpo zetorren jendeari informazioa emanez, aparkalekuak zainduz, jai guneak antolatuz, txosnetan lan eginez...).

Lan honi esker, Azpeitiko, inguruko herrietako eta Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako herritarrek aukera ezin hobea izan dute lau guneetan eta ibilbidean zehar banatu diren ekitaldiez gozatzeko. Gune bakoitzak gai batekin zuen zerikusia. Herriko Plazakoa 'Herria' izan da eta bertan bertsolariak, herri kirolak eta musika (Imuntzo eta Beloki, La Basu,...) izan dira protagonista. Tamara, Iñigo, bere alaba, Nora eta Nada txakurrak plazan jarri den txosna aprobetxatu dute indarrak berreskuratzeko. Aurreko urteetan Zarautz, Orio, Oiartzun eta Errenteriako Kilometroetan izan dira. Aurten ez dute urrutira joan beharrik izan. "Azkoititik gatoz. Jende asko ikusi dugu bidean. Oso giro polita dago. Eguerdia hemen emango dugu eta gero etxera itzuliko gara ".

Esklaboen eremuko gaia euskara izan da. Egunean zehar karaokeaz, skate erakustaldiaz, Iagomagoz, Julen magoaz, Deñe eta Go! azen-eko kideez gozatu ahal izango da, besteak beste. Ikasberri Ikastolaren gaia ere 'Euskara' izan da. Skapaie, Kilometroak 24ko abestia konposatu duen txaranga, antzerkia eta musika (Lehergaitz, Ukabil, Tapia eta Leturia, eta Janus Lester), beste hainbat jardueraz gain, ongietorria eman diete ikastolara bertaratu direnei. Laugarren gunea Loiolan kokatu da eta hemen 'Aniztasuna' izan da gaia. Kasu honetan, yoga, gimnasia erritmikoa, judoa eta capoeira erakustaldiak, artisautza azoka, zirku tailerra, capoeira, musika (Ro, Eraldatzen, Trini Fox eta Urz taldeen kontzertuak).

Ekitaldi horiei kaleko animazioa (Sahatsa dantza taldea, joaldunak, Itsaia, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak, batukada, UK03) gehitu behar zaie. Baita ere Kilometroak egitarauraren barruan antolatu den erronka. 21 ikastolatako 340 gazte taldeka lehiatu dira zirkuituko hainbat puntutan zazpi proba eginez (bertsolaritza, kultur ginkana, pentatloia, sukaldaritza, aniztasuna...), ibilbidea egiten ari zirenen begiradapean. Alaia, Nahia eta Udane izan dira ikusle horietako batzuk. Errenteriatik etorri dira eta aurten herritik kanpo atera dira lehen aldiz Kilometrora joateko. Oso pozik agertu dira. "Kilometroaren erronkan parte hartzen ari diren lagunak animatzera etorri gara. Oso giro polita dago eta espero dezagun horrela jarraitzea", esan dute lagunei animoak ematen hasi aurretik berriro