Duela urtebete sortu zen Urretxu eta Zumarragako Zatekeen Erromeria musika taldea eta dagoeneko Donostiako Aste Nagusian, Zarauzko Euskal Jaian eta Urretxuko Santa Anastasia jaietan jo dute.

Taldea Maider Amado abeslariak (20 urte), Elena Urteaga trikitilariak (18 urte), Malen Larrañaga bateria-jotzaileak (15 urte), Olaia Castro gitarrista, saxo-jotzaile eta abeslariak (18 urte) eta Amaiur Jauregi baxu-jotzaileak (17 urte) osatzen dute.

Erromeria

Zatekeen Erromeria sortu aurretik, beraietako batzuk beste talde batean jotzen zuten. “Musika eskolan ezagutu ginen lagun batzuk musika talde bat sortu genuen: Adore. Batzuk kanpora joan ziren ikastera eta taldea desegin egin zen. Ondoren, Zatekeen Erromeria sortu genuen. Orain arte June Perezek jo du bateria, baina taldea utzi du eta hemendik aurrera Malenek joko du”, azaldu du Urteagak.

Taldeko guztiak musika eskolatik pasa dira, Amado ezik. “Talde akustiko bat nuen lagun batekin. Utzi egin genuen. Zatekeen Erromeria taldekoak Urola futbol taldetik, kaletik… ezagutzen nituen. Oso giro ona dugu eta hori ikusleei transmititzen diegu”.

Jose Quintas musika irakasleak gomendatuta, erromeria giroko musika jotzea erabaki zuten. “Kon-tzertu gehiago lortzeko, jende gehiagorengana heltzeko, parranda giroan jotzeko… modu bat da. Hori da gustatzen zaiguna. Euskal kantak jotzen ditugu, betikoak eta egungo taldeenak, eta ikusleek ondo ezagu-tzen dituztenez, oso giro ona sortzen da. Gu ere parrandan gaudela dirudi. Oso ondo pasatzen dugu”.

Jose Quintas

Oso gustura daude jasotako eran-tzunarekin. “20 bat kontzertu egin ditugu. Zarauzkoa sekulakoa izan zen. Baita Geltokietako jaietakoa ere. Bideo asko igotzen ditugu eta hori lagungarria da. Baina ahoz ahokoa ere oso garrantzitsua da. Bestalde, bost emakume gara eta hori ez da ohikoena. Deigarria da. Gainera, bostok kuadrilla ezberdinetakoak gara, giro ezberdinetan mugitzen gara… eta horrek ere kontzertuak lortzen lagundu digu”.

Jose Quintas irakaslea ere ez dute ahaztu nahi. “Joseri esker gaude hemen. Berari esker sortu genuen taldea eta askotan aipatu dugu kon-tzertuetan. Iazko abuztuan hil zen. Blokeatuta gelditu ginen eta ez da erraza izan proiektua aurrera ateratzea, bidean oso pertsona garran-tzitsua galdu baitugu. Kontzertu guztietan gogoratzen gara eta beti gogoratuko gara. Ziur, dagoen tokian dagoela, gutaz harro dagoela eta gurekin dantza egiten duela”.