Oiartzungo Beloaga gaztelua inauguratuko dute
Parte-hartzaileak elkartzeko 12.00etan jarri dute hitzordua Gurutzeko plazan, handik oinez abiatzeko
Larunbatean Oiartzungo Beloaga gaztelua ofizialki inauguratuko dute, berreskuratze lanak amaituta. Bertaratu nahi dutenek 12.00etan elkartuko dira Gurutzeko plazan, eta bertatik abiatuko dira Beloagara. Poliki-poliki igo eta 12.30ean emango diote hasiera ekitaldiari, gazteluan bertan.
Beloaga Bizirik elkarteko Joxe Mari Iturriotzek eta Jose Etxezurietak hartuko dute hitza. Lehenak Beloaga historian kokatuko du eta bigarrenak elkartearen bidea zein izan den azalduko du.
Proiektuen zerrenda
Udalaren izenean, Ibon Mitxelena zinegotziak azken urteetan egindako proiektuak zerrendatuko ditu. Soinueneako kideek musika goxoz girotuko dute ekitaldia. Bizardia elkartean egingo duten hamaiketakoarekin amaituko dute goiza.
Azken urte hauetan Beloaga gaztelua berreskuratzeko lanetan ibili dira Beloaga Bizirik elkartea eta Udala. Oiartzungo bailara 500 bat urtez babestu zuen Erdi Aroko gazteluak, eta herriko ondare historiko hau balioan jarri nahi izan dute.
Egitura nagusia berreraiki, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetu eta herritarrei eta bisitariei gotorlekuaren historia ezagutzera emateko panel informatiboak jarri dituzte.
Azken egun hauetan, gaztelura eta Arkalen dauden beste interes puntuetara iristeko seinaleak markatu dituzte.