Azken hilabeteetan, Hernaniko Santa Barbarako lakuan Floridako galapagoen espezieko animalia asko azaldu dira. Herritarrek etxeko aleak askatzearen ondorioz, hezeguneetan dortoka exotikoak egoteak arazo ekologikoak eragiten ditu. Beraz, kontrol neurriak hartu behar dira. Izan ere, Floridako galapagoa espezie inbaditzailea da gure eremuan eta ekosistema kaltetzen du.

Dortoka exotikoak

Horiek horrela, Santa Barbarako lakuan dauden dortoka inbaditzaileak atera eta Urnietako Basabizi errekuperazio zentrora eramango ditu Udalak. Horretarako, bereziki espezie hauek harrapatzeko diseinatutako hainbat tranpa jarriko dira lakuaren ertzean. Hortaz, Udalak herritarrei eremu hori saihesteko gomendatu die. Tranpak ez dira ukitu behar eta haietara ez gerturatzea gomendatu dute, lakura erortzeko arriskuarengatik.

Santa Barbarako ermita

Horrez gain, gizakiaren presentzia ere ahalik eta gehien murriztea lagungarria izango da dortokak harrapa-tzeko, beldurtu egiten baitira. Hilabete batez egongo dira tranpak eta astero egingo dira ikuskapen teknikoak.

Edozein gertakari edo arazo izanez gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko eskatu dute (tel.: 943 248 900). Era berean, etxean dortoka hauetakoren bat izan eta haren kargu gehiago egin nahi ez duenak, Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainekin jarri behar du harremanetan (tel.: 943 000 420). Izan ere, azken urteetan ohikoa bihurtu da dortoka exotikoak etxeko animalia gisa edukitzea. Horien artean arruntenetakoa Floridako galapagoa da. Bizitza luzeak eta handitzeak, maiz, jabeak haren kargu gehiago egin nahi ez izatea dakar.