Sagarrak udazkenean biltzen dira eta muztioa egiteko garaia da ere bai. Lan honek Astigarragako kulturan eta industrian garrantzia berezia du. Igande honetan Sagarraren Festa ospatuko da Foru plazan egun guztian zehar.

Egun nagusia

Ekimenaren egun nagusia izango da igandekoa da eta herriko kultur talde eta eragile mordoak parte hartuko du. Honela, Goldea Herri Kirol Batzordeak antolatuta, sagardogintzako lanak hasiko dira familiekin 10.00etan. Sagar biltzea Sagardoetxeako sagastian, sagarraren kalejira Sagardoetxeatik Foru plazara eta sagardogintzako lanak Foru plazan ipinitako baserri-dolarean burutuko dira.

11.30etik aurrera, Astigarragako sagardogileek sagardo eta muztio dastaketa eskainiko dute eta Gure Izarrak dastaketarekin batera ipiniko diren pintxoak prestatuko ditu, Xaguxar Aisialdi Elkarteak, berriz, mokaduak zerbitzatuko ditu. 

Bien bitartean, sagarren marrazketa tailerra izango da Astigarte elkartearen eskutik eta Norberto Almandoz musika eskolako trikitilariak herrian zehar ibiliko dira kaleak alaitu eta Astigarraga festa giroan murgiltzeko

Zipotza kultur elkarteak eta Astigarragako Baratz Elkarteak antolatuta herriko baserritarren produktuen salmenta izango da Foru plazan, dastaketarako postuak montatuko dituzte eta pintxoak zerbitzatu. Plazako postuen artean, Burun-tzaldeako AEK euskaltegiak ere postua jarriko du ikasturte berrirako izen-emateak sustatzeko. Astigar EOE dantza taldeak dastaketarako edalontzien salmentan parte hartuko du eta 12.30ean sagar dantza eskainiko du Foru plazan

Dolareko lanak amaitu ostean, Erbitegi Etxeberri txalaparta taldeak kirikoketa eta txalaparta joko du 13.00etan 2024 uztako lehen muztioaren topa herrikoia egiteko. 

Aurreko urteetan bezala, Fruitel eta Sagardoaren Lurraldearen 2024 uztako sagardo sagarraren heldutasunaren txostena aurkeztu da. Iraila hasieran, eta azken urteetan bezala, Gipuzkoako sagasti batzuetan kontrola egin da sagarren egoera ezagutzeko.  

Uztak

Orokorrean, uzta txikiagoa espero da aurten, ez-urtea tokatzen delako batetik, neguan hotz gutxi egin duelako bestetik, eta udaran egindako bero zakar kolpe batek uztaren parte bat bota zuelako. Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, bi milioi kilo biltzea aurreikusten da Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Alegia, guztira iazko uztaren %30 inguru biltzea aurreikusten da eta iazko urtearekin alderatuta, heldutasuna atzerago dator sagastietan, sagar gazietan gehienbat.  

Amaiera

Sagar Festaren egunarekin amaitzeko, bazkalostean, Mundarro kirol elkarteak antolatuta, afizionatuen pilota partida izango da 17.30ean: Zabala-Legarreta Goñi-Galarraga bikotearen aurka eta, nagusien partidan, E. Lizeaga-Santesteban Apaolaza-Markel Lizeaga bikotearen aurka. 

Alabaina, igandeko egunarekin ez dira amaituko sagarra eta sagardoaren kulturarekin lotutako ekimenak. Izan ere, urriko asteburuetan eta azaroko lehenengo hiru egunetan Astigarragako Sagardoetxean sagar muztio tailerra izango da haur eta familientzat.

Bestalde, Sagardoetxea museoak antolatuta, XIX. mende amaieratik gaur egunera arteko sagardotegietako aisialdiari buruzko A la yuklak, golpian bat erakusketa ikusgai egongo da Astigarragako Erribera Kulturgunean urriaren 3tik 18ra bitartean. “A la yuklak, golpian bat! sagardoa trago bakar batean edatera gonbidatzen gaituen esaldiak mendeetako usadioa gordetzen du. Edariaz gain, sagardotegia elkartzeko, ospa-tzeko eta aisialdirako gunea izan da, non bolo-jokoek, tokak zein bertsolariek giro paregabea sortzen zuten”, azaldu dute erakusketa honetako antolatzaileek

“Erakusketa honen bidez, sagardoaren zein sagardotegien bilakaera aztertuko dugu 200 urteetan zehar, eta txotxaren errituak sagardoaren aisialdia nola eraldatu duen ezagutuko dugu, tradizioa bizirik mantenduz eta garai berrietara egokituz”, gaineratu dute.

Amaitzeko, urriaren 10ean, 19.00etan bertako eta nazioarteko sagardoen dastaketa gidatua egongo da Sagardoetxean.