Estreinekoz Jarduera Fisikoa eta Kirol Astea antolatu du Hernaniko Udalak. Irailaren 30etik urriaren 5era ospatuko da eta 30 ekitaldi antolatu dituzte Udalak eta eragileek, jarduera fisikoa eta zaintza ardatz hartuta.

Kirol eta jarduera fisikoa

Helburua herritarrak aktibatzea eta kirol eta jarduera fisikoa kiroldegitik eta klubetatik ateratzea eta espazio berrietara zabaltzea da.

Horretarako, hitzaldiak, kirol jarduerak probatzeko saioak, ikastaroak, mahai-inguruak, tailerrak... izango dira datozen egunetan herrian eta Hernaniko espazio ezberdinak bihurtuko dira jarduera fisikoaren eta kirolaren erdigune.

Antolatu diren ekimenak parte-hartzaileak izango dira, eta adin-tarte guztietako herritarrei irekiak izango dira.

Astearte honetako aurkezpenean Axier Mingok, Jarduera Fisiko eta Kirol zinegotziak, aditzera eman duenez, “udal sailaren jarduna orain arte oso bideratua egon da kiroldegiaren eta kluben jardunari. Baina herrian jarduera fisikoarekin lotutako ekimen eta eremu ugari daude, eta horiek balioan jartzeko abiatu dugu Jarduera Fisikoa eta Kirol Aste hau”.

Kirol astea

Azaldu duenez, “elkarte eta jarduera asko daude Hernanin, kirol eskaintza handia dugu eta adin ezberdin askotako herritarrak ari-tzen dira jarduera fisikoa egiten. Horri guztiari ikusgarritasuna eman nahi diogu”.

Hortaz, egitaraua osatzeko garaian, herriko klubekin, eragileekin eta norbanakoekin elkarlanean aritu da Udala. “Arloaren kudeaketaz haratago doan sail bat izan nahi dugu, herritarrak aktibatuko dituena”, gehitu zuen Mingok.

Programari irailaren 30ean emango zaio hasiera Jarduera Fisikoaren Orientazio zerbitzuaren aurkezpenarekin. Egun berean eskubaloia probatzeko saioa eta saskibaloian aritzeko beste saio bat izango dira. Gainera, Maddalen Landabereak Norberaren zaintza hitzaldia eskainiko du (Sandiusterri, 18.30).

Urriaren 1ean hartubol probatzeko saioa antolatu da. Goizean ere Xabier Madinak ipar martxaren inguruan hitzaldi praktikoa eskainiko du. Arratsaldean ekimen ugari egongo dira: boleibola probatzeko saioa; bizikleta ginkana; pala saio parte-hartzailea; eta Osasuna, gaixotasuna eta jarduera fisikoa hitzaldia Maren Martinez de Rituertoren eskutik (Sandiusterri, 18.30).

Hurrengo egunean, Ttapa-ttapa irteera egingo dute adinekoek eta ondoren erorikoak saihesteko ikastaroa emango da. Arratsaldea ekitaldiz beterik iritsiko da: bizkar eskola; atletismo parte-hartzailea; Nola zaindu bizkarra eta artikulazioak igeriketaren bidez helduentzako ikastaroa; judoa probatzeko saioa; errugbia probatzeko saioa eta emakumeentzako defentsa pertsonaleko tailerra.

Urriaren 3an goizean ipar martxa eta hartubol probatzeko beste saio bat antolatu dira. Arratsaldean, futbola probatzeko aukera egongo da eta 18.30ean Errendimenduko kirolaren B aldea mahai-ingurua izango da Sandiusterrin parte-hartzaile hauekin: Igor Genua, Iker Imaz, Amaia Irazustabarrena, Malen Martinez, Beñat Odriozola eta Olatz Santana. Aurkezlea Pettan Uralde izango da.

Urriaren 4ean Zumba egiteko aukera egongo da, Gudarien plazatik ibilaldia aterako da, pilota parte-hartzailea antolatu da eta skatea probatzeko saioa ere egongo da.

Amaitzeko, urriaren 5ean, egun osoan zehar, udal kiroldegiko ikastaroetan ate irekiak egongo dira eta goizean waterpolon hasteko saioa eta arrauna ezagutzeko saioa izango dira.