Oñatiko gaztetxoen artean euskararen eta hitanoaren erabilera bultzatzea, teknologia berriak baliatuz. Horixe da Udalak martxan jarri duen IKusHI! film labur lehiaketaren helburua. Dealdia DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago. Talde bakoitzak gutxienez bost lagunez osatuta egongo da, eta grabatuko dituzten bideoek minuto bat eta zortzi artean izan behar dute.
Mundu digitaleko eredu edo influencer gehienak gaztelerazkoak direla kontuan hartuta, eta Oñatin film laburrekin dagoen kultura berezia ahaztu gabe, Udalak gonbidapena egin nahi die gazteei lehiaketa honetan parte hartzeko. Ekimen hau aurrera eramateko Ingo Xonau! eta Oñatiko Laburmetrai Rally-ko kideen laguntza jaso dute. Izena emateko epea hilaren 27ra arte egongo da zabalik gaztelekuan.
NOKA hizkera, derrigorrez
Bideoetan NOKA hizkera agertu beharko da derrigorrez, eta, honek garrantzia berezia izango du lanak epaitzeko unean. Sariak, aldiz, bi kategoriatan banatuko dira. DBHko kategorian lehenengo saria 400 euroko bonua izango da, eta bigarrena 200 eurokoa. Batxilergoko saria berdina izango da.
Ikastaroa eskainiko dute urriaren 12an
Ikus-entzunezko munduko adituek lehiaketan parte hartuko duten taldeei ikastaro txiki bat emango diete urriaren 12an. Egun hori pasatu ostean, urriaren 27a izango da lanak aurkezteko azken eguna.
Sari banaketa azaroaren 10ean izango da. Gainera, lehenengo saria jasotzen duten bi laburmetrai onenek Oñatiko Laburmetrai Rally-aren galan ere bere lekua izango dute.