Igandera arte, Oiartzungo Erdi Aroko II. Jardunaldiak ospatuko dira herrian eta edizio honek Iruñeko Erresumaren 1200. urteurrena izango du ardatz. Izan, ere 824an baskoiak bigarrenez batu eta frankoak garaitu zituzten Orreagan. Data garrantzitsu hau gogoratzeko xedearekin, jardunaldiek lau egun iraungo dute, gaurtik igandera arte.

1200. urteurrena

Ostegun honetan 19.30ean Arizmendienean, Iruñeko Erresuma: euskaldunok lehenengo estatu independentziarantz hitzaldi historikoa eskainiko du Iñaki López de Luzuriagak.

Ostiralean, Nafar Erresumaren historia musikatua kontzertua emango du Entrebescant Ensemble taldeak Landetxe kultur aretoan 20.00etan.

Azoka eta Txikien Erresuma

Larunbata izango da egun nagusia. Goizean, azokaz eta Txikien Erresumaz gozatzeko aukera egongo da. Eguerdian, Orreagako garaileei harrera egingo diete, eta arratsaldean, gerlarien ezpata borroka erakustaldia izango da Ignota arma aretoa eta Olarri dantza taldearen eskutik. Ondoren, buruzagi baskoien biltzarra burutuko da.

Jardunaldiei bukaera emateko, igandean 11.30ean Entrebescant Ensemble taldeak kontzertu didaktikoa eskainiko du udaletxeko pleno aretoan.