Irailaren 20tik 23ra ospatuko dira Urretxuko Santa Anastasia jaiak, baina urteroko moduan aurreko asteburuan ere hainbat ekitaldi prestatu dituzte Urretxuarrek goza ditzaten.

Larunbatean Lurra dantza taldearen herri arteko 35. folklore jaialdia izango da. Ekitaldiak Gernikako Arbola plazan eta Areizaga-Kalebarren plazan izango dira, 10.00etatik aurrera. 

14.00ak arte folklore azoka egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan. 13.00etan munduko dantzen ikastaroa egingo dute Gernikako Arbola plazan. 18.00etan, toki berean, dantza saioa izango da. Aurtengo jaialdian bost taldek parte hartuko dute: Mikel Deuna (Iurreta), Agrupacion Folclorica Alcazaba (Almeria), Giewont Dance Group (Polonia) eta Nalmoe Bukchum (Hego Korea). Herri arteko folklore jaialdiaren inguruan argazki lehiaketa antolatu da. Eguraldi txarra egiten badu, ekitaldiak kiroldegian izango dira.

Bestalde, 10.00etan bolillo erakustaldia eta topaketa egingo dute Gernikako Arbola plazako karpan. 100 lagun inguruk parte hartuko dute. Gainera, 17.00etan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen saioa jokatuko da Labeaga aretoan. Final zortzirenetako zazpi saioetan aurrenekoa izango da. Urretxuko saioan urretxuar batek abestuko du, gainera: Mikel Iturriotzek. Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri.

Igandeko ekitaldiak Datorren asteburuan beste bi ekitaldi ere izango dira. Igandean, hain zuzen ere. 11.00etan bola eta toka txapelketa jokatuko da Gernikako Arbola plazan. Eta egun osoan zehar Adinekoen Eguna ospatuko da.