Azkoitiarrek festaz gozatzeko aukera izango dute hurrengo astelehen arte. Gainera aurten herriak 700 urte bete ditu, beraz festa berezia izatea espero da.

Txupinazoa

Erlojuak 12.00ak jo dituenean herriko taldeetako ordezkariek, norbanakoek eta Ana Azkoitia alkateak suziria bota dute zerura, horrekin festari hasiera eman diote. Nahiz eta goiz euritsua izan den, txupina botatzerako garaian eguraldiak atseden bat eman du, baina gutxi axola izan zaie hori azkoitiarrei, izan ere urtero gertatzen den bezala, herriko plaza bete egin da.

Txupinak eztanda egin ostean, Iraurgi koruak eta eliz abesbatzak Azkoitia abestu dute eta Miguel Mari Azpiazuren San Martín obra estreinatu dute. Ondoren buruhandi eta erraldoien konpartsak kaleetik barrena ibili dira festa-giroa alaituz.

Arratsaldean txikiek ur-parkeaz, jokoetaz eta gaztelu puzgarrietaz gozatzeko aukera izan dute. Lehen egunari amaiera emateko Rockalean taldeak kaleak girotuko ditu beraien musikarekin (19.00etan).