Oiartzun – Oiartzungo Udalak Lanbarren industrialdeko Arañaburu errepidea berrituko du. Hilabete honetan zehar egingo dituzte lanak, bertako enpresen jardueran ahalik eta eragin gutxien sortzeko.
Konkretuki, Arañaburu kaleko 1 eta 3 zenbakien arteko zatia da orain eraberrituko dutena. Egungo 15 zentimetroko zoladura kenduko dute, 35 cm hondeatu eta 10cm-ko zahorrazko geruza eta gainean 25cm-ko hormigoizko zolata jar-tzeko. Kutxeta inguruak konpondu eta errepide zatia pintatuko dute. 136.000 euroko aurrekontua du eraberritze proiektuak eta lau astez luzatuko dira lanak.
Eremu honetako trafikoan zenbait aldaketa egongo direla iragarri dute, obrak iraun bitartean. Izan ere, poligonoko trafikoak norabide bakarra du, sarrerako biribilgunetik sartu, eraztun guztiari buelta eman eta berriro biribilgunetik irteera duena.
Obrak egiteko, poligono sarrerako biribilgunean, egungo eraztuneko sarrera itxi egingo da, bi norabideetako trafikoa jaitsierako noranzkotik bideratuz. Gainera, Arañaburu 1etik 4ra bitarteko aparkalekuak kendu beharko dituzte.
Udaletik aditzera eman dutenez, Oiartzungo poligono garrantzitsuenetarikoa da Lanbarren. Hiru eremu ditu: Elbarrena, Arkotz eta Arañaburu. Azken honetako jarduera nagusia logistika da eta garraio enpresa handiak daude bertan.
Trailer eta ibilgailu handien joan-etorria etengabea izaten da, eta trafiko intentsiboaren ondorioz zoladuran kalte handiak sortu ohi dira. Azken urteetan konponketa lan ezberdinak egin ditu Udalak, zoladura eta kutxen tapak berritu eta kamioien pisura egokitzeko.
Udalarentzat industrialdeak bizirik eta egoki mantentzea lehentasuna da, eskualdeko enplegua eta ekonomia sustatzeko gune estrategikoak izaten jarrai dezaten.