Legegintzaldi Planeko 28 neurri bete ditu Usurbilek
Aurten inauguratu dira Txirikorda eta Pelaioenea eraikinak
Usurbilgo Udal Gobernuak 2023-2027 legealdiaren lehenengo urtearen balorazioa egin du. Lehenengo urte honetan Legealdi Planean jasotzen diren 120 neurrietatik 28 neurri bete (%23) eta beste 38 martxan jarri (%31) dituzte dagoeneko. Balorazioa Udalaren Udalberri aldizkarian argitaratu du Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak.
“Legealdiari ilusioz, gogoz eta indarrez ekiteko prest ginela esan genuen; lan eginez itzuliko genuela hauteskundeetan jasotako babes guztia. Eta horretan ari gara”, ziurtatu du alkateak.
Solaberrietaren esanetan, Legealdi Planeko 120 neurriak “herri bizigarriagoa, zaintzaileagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko” proposamenak dira; “Usurbiltzen jarraitzeko”. Horiek horrela, lehen urtean martxan jarritako zenbait neurri nabarmendu ditu.
Misioen baitako gobernantza eredua osatzeko prozesua martxan da. Esaterako, trantsizio ekosozialaren herri misioa adosteko parte-hartze prozesua egin da, misioak lortzeko proiektu eraldatzaileak zehaztearekin batera. Gainera, energiaren bulegoa ireki eta efizientzia energetikoan urratsak egiten ari dira. Bestalde, herriko ura ahalik eta etxe gehienetara iristeko lanak egin dira.
Kulturaren arloan, 650 Usurbil Bizi proiektua garatzen ari dira, besteak beste, Zumetaren 50. urteurreneko egitarauarekin.
Gizarte ekintzan, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa zabaldu da, eta zaintza ereduaren eraldaketan urrats kualitatiboak egiten ari dira, zaintza plan pertsonalizatuak eskaintzeko. Halaber, etorri berrien edota egoera zaurgarrian egon daitezkeen herrikideen integrazio komunitarioa sustatzeko mentoretza sozialerako HarEman egitasmoa martxan jarri da. Pelaioenea ireki dute, Kalezarreko auzo ekipamendua eta Emakumeen Etxea.
Hezkuntza udal haur eskolaren eredua zehaztu, lizitazio berria burutu eta eraikina berritzeko prozesua martxan da eta elkargunearen proiektua definitzeko parte-har-tzea abiatu da.
Kirola eta jarduera fisikoari ere arreta jarri diote. Kiroldegiko ordutegia zabaldu dute eta Mugiment sarearekin bat eginda, herritarrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kiroldegiak erabiltzeko aukera dute.
Aginagan ere Elutx bidea egin, haur parkea berritu eta Eliza Zaharreko konponketak bideratzen ari dira. Aginaga Biziberritzen sustapen taldearekin mahai iraunkorra osatu dute.