Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Guneak (AEG) 30 urte bete ditu, 1994ko uztailaren 21ean hasi zuen bere bidea. Punta-puntako gunea bihurtu da eskualdean, Euskal Herriko konpainia esanguratsuenen laborategia izan baita.

Txalo produkzioak ‘Baginaren bakarrizketak’ antzezten.

Arrakasta handia lortu duten hamaika proiektu landu eta aurrestreinatu dira Saroben, antzoki en-tzutetsuagoetara jauzi egin aurretik”, adierazi dute Urnietako Udaletik. Hori bai, herriko talde eta proiektuei bizkarra eman gabe, Urnietako kultura sustatuz.

‘Gabon Txirrita’, urnietarrek berreskuratutako obra.

Antzerkia, dantza, musika eta zinea izan dira Saroben landu diren disziplina nagusiak eta konpainia, profesional eta eragile mordoa igaro dira bere instalazioetatik.

Sarobe AEGk duen espazio garrantzitsu bat Fabrika deritzona da. Honek konpainiek beren proposamen eszenikoak asmatzeko, esperimentatzeko eta gauzatzeko, espazio, azpiegitura eta baliabide profesionalak bateratzen ditu.

30. urteuarrena

Izan ere, 30. urteurrena ospatzen duen honetan, Euskal Herriko an-tzerki eta dantza konpainiek garatutako proiektu eszeniko ugariren lekuko izan da. 2023ra arte, formatu eta diziplina askotako 366 ekoizpen lagundu ditu artistikoki eta teknikoki. Sektoreko profesionalek beharrezko denbora, espazioa, baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan dituzte ikuskizun berriak sortzeko eta altxatzeko.

Horren adierazgarri da 2024rako okupazio egutegia jada beteta dagoela: Tanttaka, Txalo eta Vaiven konpainia beteranoek proposamen eszenikoak garatu edo garatuko dituzte Sarobeko azpiegituretan.

Txalok Artea

Konkretuki, Txalo eta Vaiven konpainiak biran dira jada Almazenean eta Masustondoen patioa lanekin, hurrenez hurren. Gainera, Txalok Artea antzezlana taularatuko du, duela ia 20 urte konpainiak obra hau lehenengoz estreinatu zueneko aktore berberekin.

Bestalde, Tanttakak bi egoitza egingo ditu: lehenengoa, Flor de plástico lanarekin, gaztelaniaz eta bigarrena, urte amaieran, Heisenberg muntaiarekin.

Orobat, Easo abesbatzako kideek esperientzia errepikatu dute Saroben egingo duten hirugarren egoi-tzarekin, Donostiako Musika Hamabostaldian aurkeztuko duten Egia ala geruza obra musikalarekin.

Aipagarria da, halaber, Bizkaiko bi konpainiak Sarobeko agertokia zapaldu edo zapalduko dutela lehen aldiz beren muntaietarako.

Amaitzeko, udazkenean, Aukeran DK konpainia egoiliarra Amama ikuskizun berri baten sorkuntzan eta muntaketan murgilduko da, Euskal Herriko ipuinak taularatuko dituzte dantzaren bidez. Publiko familiarrari zuzendutako lehen ikuskizuna izango da eta erronka handia da, beraz, konpainiarentzat.

Ekimen eszenikoak aktibatzeko beharrezko baliabideak

Bestalde, herri ekoizpenek ere bere lekua izan dute Saroben. 2008an, Urnietako Udalak udalerriko kultur eragileen eta elkarteen talde baten esku jarri zituen ekimen eszenikoak aktibatzeko beharrezko baliabideak, udalerriko herritarren eta elkarteen parte-hartzearen bidez proiektu integratzaileak sustatzeko.

Ekimen honen eragileak, Marizulo taldeak, antzerkia, musika eta dantza uztartzen dituzten hiru ikuskizun sortu, ekoiztu eta erakutsi ditu, Urnietako historian izan diren gertakari garrantzitsuenetako ba-tzuk herritarrekin partekatuz: Marizulo, Urnieta ’59 eta 1936.

Gabon Txirrita

2016an, Txirritaren heriotzaren 80. urteurrenarekin bat eginez, Urnietako Udalari proposatu zioten Gabon Txirrita obra berreskuratzea eta eszenaratzea urnietarren parte-hartzearekin.

2019an, Saroberen 25. urteurrenaren baitan, Txanbolin txistulari bandak, Anabas musika taldeak eta Egape dantza taldeak, herriko kolaboratzaile talde batekin batera, musika, dantza eta irudiak biltzen dituen Soinuen begiradak ikuskizuna sortu zuten, Urnieta herriaren leku esanguratsuenak irudikatuz.

Horiek horrela, Udalak eskerrak eman nahi dizkie bidaia honetan parte hartu duten pertsona guztiei eta etorkizun oparoa opa dio herriaren altxorretako bat den guneari. Sarobek beste 30 urte beteko dituenik zalantzarik ez dago.