Aurten Urola Kirol Elkarteak zuzendaritzaz aldatu du. Azken lau urteetan zuzendaritzako kide izan direnek Zumaragan prentsaurrekoa egin dute lau urte hauetako balorazioa egiteko.

Pandemia bete-betean hartu zuten klubaren ardura: 2020ko uztailean. Egoerari aurre egiten jakin zuten eta klubak orain arte ezagutu gabeko tamaina hartu du: 21 talde eta 551 jokalari ditu. Bereziki azpimarragarria da emakumezkoen taldeen gorakada. 2015-2016 denboraldian 30 neska zeuden, bi taldetan. Futbol eskola mistoa zen eta hiru neska bakarrik zituen. “Azken denboraldi honetan, nesken zazpi talde izan ditugu eta futbol eskolako nesken talde bat. Guztira, 121 neska. Horiei, mutilen hamalau taldeak eta futbol eskolako mutilen hiru talde gehitu behar zaizkie. Guztira, 551 jokalari eta 72 entrenatzaile, delegatuak, kantinako langileak, zozketa txartelak saltzen laguntzen dutenak eta zuzendaritzako kideak”.

Nesken futbolaren hazkundeari lotuta, Urolaren harrobitik ateratako hiru jokalari daude egun Realean: Elene Lete talde nagusian, Garazi Aranburu B taldean eta June Berasategi kadete mailan. Bestalde, Eibarrek haur mailako hiru neska fitxatu ditu.

Urolak primerako instalazioak eskaintzen dizkie futbolean jokatu nahi dutenei. Azken lau urte hauetan, berdegunea aldatu da eta Iñaki Mendiluze formazio gela eraiki da. Formazio gelan pantaila bat dute eta jokalariek beraien partidetako bideoak ikusten dituzte zertan hobetu behar duten jakiteko. Entrenatzaileek areto hori partidak hasi aurreko azken aginduak emateko ere erabiltzen dute.

Klubaren hazkundeari eta Iñaki Mendiluze formazio gelari esker, Urolak Realaren arreta piztu du. Izan ere, Urola jokalari gehien dituen kluben artean dago eta oso estadio gutxitan dute Zumarragakoaren pareko formazio gela. Urolak Realaren metodologia jarraitzen du, Keoma Fuentes teknikariaren begiradapean. Eta urtarriletik Aitor Moreno zumarragarra Realaren koordinatzailea da Urola Kirol Elkartean. Gipuzkoako zortzi klubek bakarrik dute Realaren koordinatzaile figura. Morenok talde guztiekin eguneroko harremana du eta jokalarien kudeaketaz eta lan saioen antolaketaz arduratzen da.

Baina Urola ez da futbola bakarrik. Bere funtzioetako bat gazteak balioetan heztea da. “Funtzio sozial bat ere betetzen du. Familia handi bat da, futbolaren bitartez haur eta gazteei eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren balioak irakasteko lan egiten duena: errespetua, apaltasuna, eran-tzukizuna, konpromisoa, norbere lana eta talde lana”.