Astigarragako Santio jaiak uztailaren 24tik 28ra ospatuko dira eta udalak, herriko hainbat eragilerekin batera, indarkeria matxistaren aurkako prebentzio, arreta eta koordinaziorako ekimenak antolatu ditu.
Aurtengo berrikuntzarik garran-tzitsuena, indarkeria kasuen koordinazio mahaiaren eraketa da. Eraso baten aurrean jaien antolaketan parte hartzen duten eragile eta Udalaren arteko koordinazioa ahalik eta eraginkorrena eta azkarrena izateko xedearekin estreinakoz sortutako organismoa da.
Jaietan emandako gertakariei buruzko ahalik eta informazio fluxu eraginkorrena ahalbidetzea eta erasoren bat egotekoan, erantzun publikoa eta jai egitarauari dagokionez hartu beharreko neurriak elkarrekin adostu nahi dira. Koordinazio mahaiak bi motatako balorazioak egingo ditu: festak amaituta, indarkeria egoeren edo gertakarien balorazioa egingo du eta irailean, koordinazio mahaiaren funtzionamendua ebaluatuko dute eta aurrera begira ikasitakoak eta hobetu beharrekoak aztertuko dituzte. “Espero dugu jaiak amaitu arte ez deitu behar izatea”, adierazi zuen Naroa del Ordenek, Berdintasun zinego-tziak, neurri hauen aurkezpenean.
Bestalde, herritarrak indarkeriaren aurkako agente aktibo bihur-tzeko txapak banatuko dituzte. Txapek biktima babesteko, gidatzeko eta, beharrezkoa denetan, aditu edo profesionalei deitzeko helburua dute. Txapak jaien aurretik Emakumeon Etxean banatuko dira eta jaietan Karpa Morean lor daitezke.
Azkenik, jaietan elkarrekin eta lagunduta etxera itzultzeko herritarrek sortutako Brigada Morea aurten ez dela martxan jarriko aditzera eman zuten. Inkesta bat egin zieten nerabeen gurasoei eta orain arte ez dutela erabili eta oso gutxik erabiliko zutela erantzun zuten. l