Zumarragako Faustino Orbegozo geriatrikoa zegoen tokian, Eusko Jaurlaritzak alokairuzko 24 etxebizitza egingo ditu. Adinekoentzat eta gazteentzat izango dira. Obrak datorren urteko udazkenean hasiko dira eta 2027ko udaberrirako etxebizitzak prest egotea espero da.
Lursaila
Ostegun goizean lursaila bisitatu zuten Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Pedro Jauregi Etxebizitza sailburuordeak eta Pablo Garcia Etxebizitza zuzendariak. Serranok Faustino Orbegozo geriatrikoa 1970eko hamarkadan eraiki zela eta Lamorous Argixao adinekoen egoitza ireki zenean itxi zela gogoratu zuen. 2008an, hain zuzen ere. “Udala lanean hasi zen eta Jaurlaritzak bertan alokairuzko 24 etxebizitza egitea lortu du. Horretarako, lursaila eskuratu behar izan genuen”.
Lau solairuko eraikina
Garciak 24 etxebizitzak logela batekoak izango direla eta horietako bat ezgaitasunen bat dutenentzat izango dela aipatu zuen. Eraikinak lau solairu izango ditu: behekoa eta beste hiru. Beheko solairuan 450 metro koadroko lokal bat egingo dute eta Jaurlaritzak Udalari utziko dio.

Eraikinean gazteak eta adinekoak biziko dira. Gazteei dagokienez, helburua beraien bizitza proiektuari hasiera ematen laguntzea da. Bost urte bizi ahal izango dira bertan, gehienez. 65 urtetik gorakoei dagokienez, beraien etxebizitza Jaurlaritzaren Bizigune alokairu programari utzi beharko diote etxebizitza berri horietako batera joan ahal izateko. Helburua adinekoei etxebizi-tza irisgarriak eskaintzea da. Horretarako, Udalak igogailu bat egingo du: Txurruka kalea eta eraikin berrira daraman espaloia lotuko ditu.
Adinekoek alokairu kontratua urtero luzatuko dute eta behar bezainbeste urte bizi ahal izango dira bertan.