Asteazken goizean Trianguloan, Agenda 2030 programarekin bat egiten duten Tolosako hiru ikastetxeetako ikasleek proiektuaren erakusketa azoka egin zuten. Lanketa horri ikusgarritasun gehiago emateko helburuarekin, bertan izan ziren bi orduetan egindako proiektuen nondik norakoak eta emaitzak azaldu zizkieten gazteenek, bertatik igaro ziren herritarrei.

Jasangarritasuna

Garapen Jasangarrirako 7. helburua landu dute aurtengo ikasturtean, Energia eskuragarri eta ez-kutsatzailea, hain zuzen. Helburu nagusia energiaren erabileraren inguruko kontzien-tzia sortzea izan da eta erronka horretan ikastetxe bakoitzak bere ekarpena egin du.

Samaniego Herri Ikastetxeko 6. mailako ikasleek, esate baterako, ikastetxera bisita gidatuak antolatuko dituzte azken hilabeteotan, eskola jasangarriago egiteko eraikinean dituzten neurriak azaltzeko. Herrikide Ikastetxeko lehen hezkuntzako ikasleek energia aurrezteko gakoak landu dituzte. Horretarako, bideo ba-tzuk grabatu dituzte, eraikin publikoetan ikusgai daudenak.

Ekonomia zirkularra

Laskorain Ikastolako ikasleek, berriz, ekonomia zirkularrak eskain-tzen dituen aukerak aztertu dituzte. Horretarako, gabonetan antolatu ohi duten bigarren eskuko merkatu txikia aztertu dute esparru ezberdinetatik, eta horren atzean dauden onurak azpimarratu dituzte: produktuen erabilera-bizitza luzatzea, karbono aztarna gutxitzea, kontsumoa murriztea, edota lortutako diruarekin proiektu sozialak garatzea, besteak beste.

Aitor Agirresarobe Ingurumen zinegotzia azokara bertaratu zen, ikasleen azalpenak entzutera. “Energia gai konplexua den arren ikasleak zeharo motibatuta izan dira prozesu osoan, eta hori poztekoa da. Asko ikasi dutela azpimarratu dute denek, eta hori da helburu nagusia, pixkanaka kon-tzientzia piztu eta praktika jasangarriagoak sustatzeko”, azaldu zuen bertan. Proiektuari itxiera emateko, datorren astean Agenda 2030 proiektuaren Tolosako udal-foroaren ikasturte amaierako bilkura egingo da udaletxeko pleno aretoan, eta ikasleek landu dutena aurkeztuko diete udal ordezkariei.