Haur, nerabe eta gazteen diagnostikoa eta ekintza plana 2023-2027 dokumentuan identifikatutako kezken erantzun modura, Tolosako Udalak herrian nerabeen aisialdi aukerak indartu eta hobetzeko parte hartze prozesu bat jarri zuen abian martxoan.
Proposamenak
Herritarren Batzarrak eta Hezkuntza Mahaiak ere antzerako proposamena luzatu zuten, hain zuzen. Udaleko kideek azaldu dutenez, prozesuaren abiapuntu modura, aisialdi aukeren inguruko galdetegi bat bideratu zitzaien DBH 1-4 bitarteko ikasleei, iritziak, proposamenak eta ideiak jaso, eta horiek aintzat hartuta Nerabeen Aisialdirako Ekintza Plan bat egiteko. Bada, inkestaren erantzuna bikaina izan da gazteen aldetik. Izan ere, udalerrian erroldatutako 917 nerabeetatik 853k erantzun dute galdetegia, hau da, %93ak baino gehiagok. Guztira 490 ideia jaso ziren prozesu horretan.
Entzute fasea amaituta, deliberaziorako talde bat osatu zen, jasotako ideia guztietan sakondu eta azpimarragarrienetan sakontzeko. Inkestan parte hartu zuten 853 gazteetatik 400 nerabek lan horretan modu aktiboan parte hartzeko interesa agertu zuten, eta, zozketa zibiko bidez, horietako 43 hautatu ziren. Azken hilabeteetan, talde horrekin hiru lan saio ireki egin dira, proposamenak multzokatu, garatu eta aurkezteko lanketa egiteko.
Lanketa horren emaitza asteartean eginiko ekitaldian aurkeztu zituzten zortzi nerabek, udaletxeko batzar aretoan. Bertan izan ziren proposamenak adi-adi entzuten eta galderak egiten Andu Martinez de Rituerto alkatea; Aitor Agirresarobe Gazteria zinegotzia; Biotza Agirre eta Joxe Mari Villanueva, EAJ/PNV eta PSE-EEko zinegotziak; baita Gazteria eta Gobernantza sailetako udal teknikariak ere.
Udaleko kideek azaldu dutenez, hiru multzotako 17 proposamen egin zituzten guztira, eta kirola, kultura eta aisialdia izan ziren jorratutako gaiak. Proposamenak aurkeztu ostean, alkateari eman zizkioten, idatziz. Datozen asteetan proposamen horiek aztertu eta erantzuna emango die udalak gazteei. Ordezkari guztiek gazteen parte hartzea eskertu dute, gazteei eragiten dieten erabakietan nerabeen inplikazio eta konpromisoari balioa ematearekin batera.
Horrelako ekimenekin, nerabeen aisialdi aukerak hobetzen jarraitu asmoz lanean darrai Udalak. Aurrerantzean, jasotako 17 proposamenak landu eta proiektuak gauzatzea izango da udal gobernuaren helburu nagusia.